Epaiketa hastear zela hasi zituzten elkarretaratzeak. Aktoreek, musikariek, sukaldariek, idazleek, bertsolariek, kazetariek… eta beste hainbat sektoretako ordezkariek. Haiek guztiek eutsi diote Egunkaria libre! zioen pankartari. Atzo Andoainen, Egunkaria-ren itxieraren zazpigarren urteurreneko ekitaldian, hitzez, bertsoz eta kantuz azaldu zuten elkartasuna.
IGOR ZALAKAIN (Arzak jatetxeko laborategiko ikertzailea). «Utz diezagutela guztioi informazioa eta jakintza gure hizkuntzan lasai dastatzen»
Ostalaritzako langileen izenean, Igor Zalakain Arzak jatetxeko langileak hitz egin zuen. Euskara izan zuen hizpide: Euskal Herri euskalduna: «Egunkaria, orain Berria, geure hizkuntzan egiten den egunkari bakarra. Eta galdera bat: nork kendu nahi dio ezinbesteko elikabide hori Euskal Herriari? Nork, non, zein hizkuntzatan prestatu nahi dute gure historia? Pil-pilean dagoen eltze honetara ekarri nahi nituzke gure lankide, sukaldari, arrantzale, ostalari, laborari, baserritar… Sektore guztiak. Denok osatzen baitugu Euskal Herri euskalduna. Utz diezagutela guztioi Euskal Herri euskalduna osatzen. Utz diezagutela guztioi informazioa eta jakintza gure hizkuntzan lasai dastatzen, hausnartzen. Eta horrek on egin dizuela Egunkaria-ko langile guztioi».
RAMON LABAIEN (Donostiako alkate izandakoa). «Gaur egun ere borrokan gabiltza, nolabait gorrotoz inguratuak»
Egunkaria itxi zutenetik, salaketen lehen lerroan izan da beti Ramon Labaien Donostiako alkate ohia eta euskaltzale sutsua. Beste hainbat lagunekin batera Egunkaria-epaiketa taldea osatu zuen, besteak beste, epaiketak eragindako gastuetan laguntzeko. Hona hemen Labaienek atzo egindako hitzak: «Zazpi urte igaro dira guardia zibil armatuak etxe honetan sartu zirenetik. Zazpi urte hemen utzi zuten usain nazkagarria oraindik nabaritzen dela (…) Gure historian herriaren kemenak era bateko zein besteko gehiegikeriak garaitu ditu (…) Eta gaur egun ere borrokan gabiltza, nolabait gorrotoz inguratuak. Eta gaur egun ere euskararen defentsan bizitza osoa eskaini duzuen horiek hor zaudete, aurreko lerroetan (…) herri honen gudari garbiak».
Hitz horiekin batera, Nikolas Ormaetxea Orixe olerkariak Euskaldunak liburuan jasotako Agur Euskal-Erriari poema abestu zuen Labaienek: Ez bahaiz, eskualduna, / lehen bezein handi / aphaldu gabe, xutik / bederen egoadi, / odolez eta fedez / bethi berdin garbi, / bethi tink, atxikia / hire Euskarari.
MAIALEN LUJANBIO (bertsolaria). «Oraindik bat eginda beharko da ekin, halakorik berriro gerta ez dadin»
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan oso presente egon zen Egunkaria auzia. Atzoko ekitaldian ere doinuari eutsi zion irabazleak, Maialen Lujanbiok: Zazpi urte luzetan, zazpi urte gordin / togadunak jolasten euskararekin / Arrazoia amorru, hitza negar zotin / ta dena ez da bukatzen sententziarekin / Nahiz egindako min hura ezin ekidin / oraindik bat eginda beharko da ekin / halakorik berriro gerta ez dedin.
MIKEL ASTARLOZA (txirrindularia). «Egoera zail guztietatik dago zer ikasia, eta indartuta ateratzeko beharra»
Bizikleta gaineko bizipenak kontatu zituen Euskaldunon Egunkaria-n Mikel Astarlozak 2002an. Eta Berria-n ere bai. Iazko uztailean Frantziako Tourrean lortutako garaipenaren lehen orriko irudiarekin eskertu zion kazetak urte hauetan guztietan azaldutako babesa. «Niretzat, ohore handia izan zen txirrindulari batek tropelean bizi dituen egoerak eta euskara hutsean plazaratu ahal izatea euskarazko egunkari batean, eta bakarrean. Zoritxarrez, urtebete bakarrik iraun zuen ohore horrek (…) baina nik beti pentsatu izan dut egoera zail guztietatik zer ikasia badagoela, eta indartuta atera beharra dagoela (…) Euskal kirolari guztien izenean, epaiaren zain zaudeten une honetan, gure babesik handiena adierazi nahi dizuet».
XABIER MENDIGUREN (Kontseiluko idazkari nagusia). «Gonbit bat baraurik dabiltzan euskaldun guztiei: ogiaren alboan, ‘Berria’»
Euskalgintzaren eta, bereziki, euskal prentsaren erronkak izan zituen hizpide Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Ogia eta Berria titulua jarri zion bere hitzaldiari. «(…) Hemen, gu bizi garen munduaren alderdi honetan, egunero behin baino gehiagotan jaten dugu, eta gehiegi ere bai sarritan. Gainera, aspalditxotik, ogiarekin batera, egunean eguneko albisteak nork bere hizkuntzan eta paperean jasotzea eta ematea ere otorduaren pareko nahi eta eskakizun bihurtu dira (…) Baina herri bezala egiten ari ginen gure ibilbidea begitan hartua zeukatenek 2003ko otsailaren 20an aurrerabide hori brauki etetea erabaki zuten. Ogia ez ziguten kendu, baina munduarekin eguneroko harremana gure hizkuntzan izatea, berriak euskaraz eman eta jasotzea, bai. (…) Benetan bihotzera zuzenduriko kolpea izan zen hura. Baina horregatik, hain zuzen ere, ordura arte lanean aritu zirenek Egunero argitaratzea sen on eta eragingarriz erabaki zuten (…) Eta ildo beretik ekainaren 21ean kaleratu zuten Berria-ren lehen alea (…) Gero, Berria birtuala, gehigarriak, Hitza-k, Nora… konstelazio oso bat agertu da, eta horretan ere herri garatu guztien mailan gabiltza (…) Kolpe ankerrari erantzuteko izan genituen erreflexu berak behar ditugu egunkariak eraldatzeko eta irakurleak seduzitzeko ere (…) Eta ziur nago orain arte asmatu dugun bezalaxe, horretan ere asmatuko dugula. Ezinbestekoa zaigulako jatea eta jaten ematea irauteko eta hasteko. Dei bat, gonbit bat baraurik dabiltzan euskaldun guztiei: ogiaren alboan Berria egunkaria etxe guztietan, paperean eta pantailan».
MADDALEN IRIARTE (kazetaria). «Gezurra dirudi, baina gezurra esaten da adierazpen askatasunaren izenean»
Gertu-gertutik jarraitu zuen Maddalen Iriarte EITBko kazetariak Egunkaria-ren ixtea. Zur eta lur geratzen zen agintarien ahotan behin eta berriz errepikatzen ziren «gezurrak» entzuten zituenean. «Mila aldiz entzun dugu, baina errepikatu egingo dut: adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidea da (…) Euskal Herrian ez dago adierazpen askatasunik. (…) Botereak edo botereek zio politiko, ekonomiko edo auskalokoengatik kazetariei mugak, oztopoak, egia interesatuak eta bertsio ofizialak jartzen dizkigute, besteak beste. Ez da erraza askea izatea Euskal Herrian, eta, gainera, normalean, ez da barkatzen (…) Euskal Herrian gezurra esaten da. Gezurra Euskal Herriaz, hizkuntzaz, herriaz ; gezurrak nahiez eta ametsez. Gezurra, isilarazteko, ezkutatzeko edo suntsitzeko. Gezur asko esaten da, eta askok esaten dute gezurra. Gezurra dirudi, baina gezurra esaten da adierazpen askatasunaren izenean. Eta gezurra ari du. Gezurra ari du egunero, gezurra ari du duela zazpi urte Egunkaria itxi zutenetik, eta atzerago, Egin itxi zutenetik (…) Euskalherria irratia itotzeko zorian dago. (…) Zaila da informazioa zabaltzea Euskal Herrian. Gezurra ari du gaur eta, tamalez, gezurra ariko du bihar. Duela zazpi urte asaldatuta irten ginen kalera Euskaldunon Egunkaria itxi zutelako. Gaur hemen gaude, berreskuratuko ez dugun kazetarik gabe. Batzuek, auzipetuek eta hemen dauden beste batzuek, ez dute berreskuratuko galdutako denbora eta pasatutako beldurra eta sufritutako mina. Hori bai, ez dute galduko eta ez die inork kenduko, jazarrita ere, orduan eta orain erakutsitako herri honen maitasuna. Absoluzioa eskatu dute, sufritu duten guztiaren aurrean. Besterik ezean lotsarik lotsez itxita behar lukeen Espainiako Auzitegi Nazionalean absoluzioa eskatu dute. Hura lortuta ere, honen guztiaren ondoren, gezurra dirudi».
RUPER ORDORIKA (musikaria). «Euskaldun kantariok aldiro-aldiro jaso dugu zuen esker ona»
Honako hitz hauek tartekatu zituen Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori kantua abesten zuen bitartean. Duela zazpi urte egindako kantua: «Urtetan eta askotan etorri gara gu hona. Euskaldun kantariak Egunkaria-ren itxieraren kontrako saioetan-eta, eta beti aldiro-aldiro jaso dugu zuen esker ona, eta gaur eman nahi dizuet neure lagunen izenean, euskaldun musikari asko eta askoren izenean eskerrak: milesker aunitz».
PEDRO MIGUEL ETXENIKE (fisikaria). «Ikaragarria beharko luke izan ordainak. Baina, hala izanik ere, ez da inoiz aski izango»
Labaien bezala, Etxenike ere Egunkaria-epaiketa taldeko kide da. Eta kazetaren itxiera salatu izan du Euskal Herritik kanpo ere. Harro da fisikari entzutetsua, euskaraz mintzo ahal izateaz eta hori mundu osoan zehar aldarrikatzeaz. «Hemen gaudenok ez gaude euskararen alde soilik, hemen gaudenok askatasunaren eta demokraziaren alde gaude. Edozein herri demokratikotan justiziak justua izan beharko luke. Eta, batez ere, zigor arloan. Ezin dira behin-behineko erabakiak hartu, gero praktikan behin betiko bihurtzen badira. Horregatik, kasu honetan, jokoan dagoena ez da absoluzioa Hori, noski, ezinbestekoa da, baina auzia hauxe da: Egunkaria-ri eta hainbeste pertsonari egindako kaltea nola konpondu. Ikaragarria izan baita egin den mina. Ikaragarria izan da egin duten mina, egin dizueten mina, egin diguten mina. Ikaragarria beharko luke izan ordainak ere bai. Baina ikaragarria izanik ere, ez da inoiz aski izango».
AIZPEA GOENAGA (aktorea). «Ez dago epaileen esku soilik, gure esku ere badago honek guztiak amaiera ona izatea»
Aizpea Goenaga prentsaurrekoa ematekoa zen 2003ko otsailaren 20an. Egunkaria-ren azken alea eskuetan argazki historikoa atera zuen agerraldi hartan. Itxieraren zazpigarren urteurrenean ere egin du salaketa. «Duela zazpi urte beldurrezko film baten gidoia izango zen hau, beldurrezkoa, epaiketei buruzkoa, suspensezkoa, injustiziei buruzkoa… Baina filmek ordubete inguru irauten dute bakarrik eta hemen zazpi urte igaro dira; eta, horrekin batera, hainbat eta hainbat pertsonaren historiak. Kontu horiek guztiak ezin dira kontatu, eta bizipen horiek ere ezin dira azaldu. Baina guk, aktoreek, beste arloetako kideek bezala, gure ahotsa dugu, Egunkaria gure ahotsa zen bezala. Baina hori gabe geratu ginen. Nik esan dezakedan gauza eta espero dudan gauza bakarra da film horrek amaiera ona izatea. Eta hori, neurri batean, epaileek ez dute emango: gure esku dago».
UXUE ALBERDI (idazlea eta bertsolaria). «Dena trebezia eta dena esperantza, besamotzaren beste besoa bezala»
Joseba Sarrionandiaren Besamotzaren besoa olerkia irakurri, bere egin, eta honela egin zuen berba Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak: Burua zabaltzeko diren leihoak, guretzat, ahoa zarratzeko, baina / egunaren irrikitan iragandako gauen ondoren, gauari ihesi hasitako egunak, baina / irakurri gabeko egunkari horitua, urrineko mahai gainean lizuntzen, baina / eguraldiaren mapetan ageri ez den herri bat, euririk eta eguzkirik eta ortzadarrik falta ez zaion gure herri / erori gareneko zuloa, gorantz erortzeko zuloa / jasotzen ez dugun mosuak, ez du eman nahi dugun mosua atzeratuko / esaten ditugun hitzek, esaten ez ditugunak esaten dituzte / esaten ditugun hitzek, esaten ez ditugunak esaten dituzte / esaten ditugun hitzek, esaten ez ditugunak esaten dituzte / baditugun ziurtasunak, gure galderen erantzun bizi bakarra / dena , dena, dena trebezia eta dena esperantza / besamotzaren beste besoa bezala.