Eguzkiak ere ez zuen kukurik egin duela zazpi urte, guardia zibilek Martin Ugalde Kultur Parkea hartu eta Juan del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean. Zazpi urte bete ziren atzo. Izpi batzuk ikusi ziren atzokoan. Eta herri askotako kaleak Egunkaria libre! leloarekin bete ziren. Itxiera salatu, eta auzi haren ondorioz epaitu dituzten bost lagunen absoluzioa eskatu zuten.
Bidegabekeria haren zazpigarren urtemugaren harira ekitaldi ugari egin ziren herrietan zein hirietan, eta denetariko erantzuna izan zuten. Bertsoak, musika, antzerkia eta otorduak bidelagun, bost epaituentzako absoluzioa izan zen eskaera nagusia. Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuak izan zituzten gogoan ekitaldi guztietan. Zenbaitetan parte hartu ere egin zuten.
Tolosan, oholtza bete jende
Arratsaldean ekin zioten festari Tolosan, Plaza Berrian. Dantza, musika eta bertsoz osaturiko emanaldian, jai giroak eta aldarrikapenek bat egin zuten. Epaiaren zain dauden bost auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazi zieten bertaratuek, eta euren «absoluzioa eskatu» zuten, beste behin ere.
Jende ugari bildu zen Plaza Berrira. Irene Larraza aritu zen aurkezle lanetan. Agertokian kultur eragile ezagunak izan ziren, tartean, erraldoi eta buruhandiak, Amaia Agirre, Unai Muñoa eta Bixente Gorostidi bertsolariak, Udaberri eta Alurr dantza taldeak, Konponezinak koadrila, Tolosa Kantariko partaideak, O+Hatz taldekoak, Bonberenea txaranga, Izaro Saizar eta Elene Arandia eta Mulambo taldea.
Amaieran, Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari izandakoak eta Egunkaria auziko auzipetuak mikrofonoa eskuetan hartu zuen herrikideei esker hitzak esateko.
Antolatzaileek itxieraren urteurrena ekarri zuten gogora: «Duela 7 urtetik isilik, guztiz mutu dago Egunkaria eta gaur gogoratu egin behar dugu. Itxi egin zuten kazeta. Itxi eta likidarazi egin zituzten Egunkaria-ren enpresak, hauetako ondasun guztiak». «Egunkari bat baino gehiago lurperatu nahi izan dute Egunkaria-rekin. Euskaldunon ametsa amesgaizto bihurtu zen», gaineratu zuten.
Egunkaria ixtea arbuiatu behar dela iritzi diote sostengu taldekoek. Horretarako arrazoiak ere plazaratu zituzten.
Batetik, «adierazpen askatasunaren ukazioa eta informazio pluraltasunaren aurkako erasoa» izan zela azaldu zuten. «Bere burua demokratikotzat daukan estatu orok printzipio horiek errespetatu eta defendatu behar ditu», gaineratu zuten.
Bestetik, «euskararen eta, oro har, euskal kulturaren aurkako eraso» argitzat ere jo zuten kazetaren itxiera, baita «euskal herritarrek komunikabide propioak garatzeko daukaten eskubidearen aurkakoa ere».
Azkenik, «auzipetuetako batzuk torturatu izana erabat onartezina» dela adierazi zuten. «Tortura horiek tratu txarren salaketa multzo luzeko parte dira, eta NBEko kontalariak berak eman du torturen berri».
Zarautzen, herri gunean
Zarautzen ere, Egunkaria libre! leloa nagusi izan zen atzo eguerdian (ikusi bideoa).
Jaia Musika Plazan hasi zen eta jende ugari bildu zen. Txarangak ohiko kantuak jotzen zituen bitartean, elastiko eta material postuetan atzera eta aurrera ibili ziren bertaratu zirenak. 12:00 aldean, Barren Plazarako bidea hartu zuten musikariek, eta haiekin, herritarrek. Ainhoa Alberdi aktoreak eta haren kideek ibilbidea girotu zieten haiei, gerora egingo zuten kale antzerkirako berotuz joateko.
Pixkanaka, jendea Barren Plazako erdigunean bilduz joan zen. Bertan, aktore zarauztarrek beren emanaldiari amaiera eman zioten. Kantuan hasi ziren jarraian, eta herritarrak batu zitzaizkien berehala. Gerora, txarangaren laguntzarekin, Torre Luzeako parkera jo zuten parte-hartzaileek. Lizardiren eta Basarriren omenezko eskulturak atzealdean zituztela, Hodei Iruretagoiena, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aitor Urbieta bertsolariek bertso saioa egin zuten, Egunkaria-ren garrantzia eta berau itxi izanak ekarritakoa hizpide zutela.
Musika Plazara itzuli ziren gero. Dantzari ekin zioten Muxikoak taldearen doinuak entzun bezain pronto. Iparraldeko musikariei esker, Alde Zaharreko plaza dantzaleku erraldoi bilakatu zen. Arnasa hartzeko tartea izan zezaten, Stockholm taldeak beren kantuak abestu zituen gerora, plazako kioskora igota. Horien bide beretik, euren emanaldia egin zuten Josu eta Jexuxmai Lopetegi musikariek.
Errenterian, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Xabier Oleaga herritarra eta auzipetua bertan zela.
Bilboko zein Donostiako parte zaharreko kaleak Egunkaria-ren aldeko kantuekin bete ziren atzo. Eguerdian, kantu jiran ibili baitziren euskarazko kazetaren itxiera salatzen.
Andoainen eguzkia sartzearekin batera lehertu zen jaia. Kirola eta musika uztartu ziren Egunkaria-ren alde. Eta denen ahotan mezu bakarra: absoluzioa.