Egunkaria auzia-ren inguruan eztabaidatuko dute bihar Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Auzipetuei elkartasuna adierazte aldera Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamenari osoko zuzenketa bana aurkeztu diete PSEk eta UPDk. Sozialistek ez diete babesik agertuko Egunkaria-ko auzipetuei, baina fiskalak absoluzioaren alde egindako eskariarekin bat egingo dute. Dena den, zuzenketan ez dute absoluzio hitza espresuki aipatu, eta horren ordez Legebiltzarrari eskatu diote epaiketa «behin betiko» eta «ongi» amai dadila adieraz dezala, fiskalaren ildoari jarraituta.
Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik zazpi urte bete direnean eta zuzendaritzako kideen aurkako epaiketa amaitu berri denean aurkeztu du ekimena Aralarrek. Gainera, proposamena premiazko prozedura erabilita tramitatu du, Legebiltzarrak auziaren itxieraren aldeko jarrera lehenbailehen adieraztea «lagungarri» izan daitekeela iritzi diolako. Aralarrek Egunkaria-ren aurkako auzibidea «oinarririk gabea» dela salatu du, eta Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio egindako kalteak konpon ditzala. Halaber, auzipetuei elkartasuna adierazteko eskatu du, eta kezka agertu du itxieratik jasan duten egoeragatik.
Aralarren ekimenari PSEk aurkeztutako zuzenketan, berriz, euskal kazeta itxi zenetik zortzi urte igaro izana «kezkagarritzat» jo dute sozialistek, eta auziak euskal gizartearen «esparru zabal batean ezinegona» sortu duela gogoratu dute. «Egunkari bat ixtea salbuespenezko neurria da Zuzenbide Estatu batean, eta, beraz, ezinbestekoa da justiziak azkar argitzea gertatutakoa», diote. Hori esanda, Estatuko botereen arteko banaketari eta botere judizialaren independentziari errespetua agertu diote. UPDk ere ildo beretik jo du, eta botere judizialaren independentzia aldarrikatzera mugatu da zuzenketan.
EAk, berriz, Egunkaria auziko lau auzipetuk salatutako torturak gaitzetsi nahi izan ditu, Aralarren proposamenari gehitzeko zuzenketa aurkeztuta. Haren bidez, tortura salaketei bide judiziala itxi eta torturatzaileak zigorrik gabe geratzea salatu dezala eskatuko dio Jesus Mari Larrazabalek Eusko Legebiltzarrari.