Joxe Azurmendi (Berria, filosofoa eta idazlea)
Zer ikusi eta ikasi dugun aipatzen hasita, hainbat puntu datorkit orain burura bat-batean. Positibotik hasita:
Bat: akusatuen buruargitasuna situazioa baloratzeko. Kemena, gero, desastreari buru egiteko. Injustiziaren eta brutalitatearen aurrean ez dira kikildu. Baina protestatu eta biktima gelditu ere ez dute egin. Hasieratik bertatik organizatu egin dira. Denbora luze guztian ez dira nekatu. Egunkaria-ren defentsa ausarta, eta batez ere planifikatua eta inteligentea egin dute. Euskal herri osoak egin du erresistentzia, baina buruan beraiek egon dira beti, euren presentziarekin eta mezuekin. Beraiek lagundu digute laguntzen.
Bigarrena horixe izan da: elkartasuna. Egunkaria itxi zuten momentutik bertatik nola erantzun duen herriak, jende guztiak, sektore guztiek. Egon dira protagonista batzuk apartak: inoiz ezingo dugu ahaztu Anamari Martinez Urreiztieta, Martin Ugalderen emaztearen duintasun indignatua eta dotorezia bere protesta energikoan. Herri oso bat duindu zuen bere gestuarekin. Baina ohargarriena kasu honetan da erresistentzia ez dela zuzenean kaltetuen edo kultura idatziaren inguruko mundura mugatu: euskara osoarena izan da protesta. Gezurra ari du begiratu, itxieraren reporta, eta hor hainbat aurpegi ikusten duzu: Olaizola anaiak, pilotariak, Izeta xakelaria, Benito Lertxundi kantaria, eta Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Mikel Urdangarin, etab., ez aipatzeko antzerkilariak, idazleak, irakasleak. Ez aipatzeko milaka eta milaka anonimoak manifestazio erraldoietan eta herriz herri antolatu diren ekitaldi kontaezinetan.
Hiru: adostasuna, erakunde politiko eta sozialena. Egunkaria-ren eta akusatuon alde, h. d., akusazioaren aurka, elkarrekin eskuz-esku etortzen ikusi ditugu Garaikoetxea eta Arzalluz, EAJ eta EA, EB eta Ezker Abertzalea eta Aralar, ELA eta CCOO eta LAB. Euskadiko PSOE ere azkenean adostasun horretara biltzea niretzat zentzuaren eta taktoaren arrakasta izan da, pozgarria. Baina antza kasu honetan beste ezertan lortu ezin den adostasuna lortu bada, hein handi batean akusatu taldearen beraren ekimenari eskertu behar zaio hori ere, oker ez banago.
Alderdi negatiboetan honezkero ez du merezi luzatzea, baina ahaztu ere ezin dira egin. Simetria itxura bat egiteko hemen ere hiru puntu soilik gogoratuko dut:
Bat, Estatuaren basakeria. Eta basakeria horren eszenifikazio teatrala, apropos, boterearen handiputzaren alarde baten eran. Hori besterik ez da atxiloketaren modu aparatosoa bera, gauaren erdian ateak joka eta puskatuz eta orruka, holako neurrien inolako premiarik egon gabe, etxekoak eta etxekoanak terrorizatuz, aurretik telebista eta komunikabideak lekuko deituta. Gogoan dugu denok Joan Mari Torrealdairen irudia telebistan, Guardia Zibilak nola zeraman. Estatu barbaro batean bizi gara eta Estatu horren espresio zikin garbiena bere Guardia Zibilaren inzibiltasunean ageri da.
Bi: Justiziaren arbitrarietatea. Eta ez diot hori akusazioaren beraren ustelagatik eta gezurragatik, etab. Agerikoak horiek ere, agertu denez, baizik eta are gehiago inkomunikazioan zer jazotzen den ondo jakin, eta akusatuak torturatuak eta abailduak begien aurrean ikusi, eta ez ikusi egiten duten epaile eta Justiziako zerbitzariengatik.
Hiru: politikaren eta politikoen inmoralitatea, mendekoei beti morala exijitu arren. Espainian torturarik ez dago, baina torturatuak asko. Otamendi, Torrealdai, Uria, Oleaga, Alegria, Auzmendi… Torturak baldin badaude, horien azken erantzuleak politikariak dira, ez Guardia Zibila eta ez Justizia. Hauek tresnak baino ez dira politikarienak. Tortura politikariek horixe nahi dutelako bakarrik dago. Horregatik, atxiloketa absurduak eta tortura egoteak berak baino gehiago etsipena eta amorrua eragiten duena politikarien zinismoa da, torturaren aurrean berak egonleku neutral zerutarren batean baleude bezala itxurak eginez. Torturaren egiazko eragileak eta erantzuleak politikariak dira. Politikari denak. Hirugarren Reichean eta hemen.
Ordua da esateko, baita ere, kokoteraino gaudela politikariei beti entzuten euskaltzaleok ez omen dugula euskara politizatu behar, modurik perbertsoenean euskara politizatzen, kriminalizatzen, judizializatzen, etengabe ari direnean beraiek. Euskaltzaletasuna, masa sozial piska bat biltzen duen orduko, automatikoki susmopean jartzen da (ikastolak, AEK, Elkar…). Egunkaria aferaren esplikazioa ez da beste inon bilatu behar hortxe baino.
Gaur pozaren eguna da, eta amorruaren eguna ere bai. Zein erraza den Espainian gutxi batzuek Euskal Herritar askoren lan zaila birrintzea! Lumazo bat, eta Egunkaria funditua, sortzaileen eta laguntzaileen ahalegin guztia eta pozkarioa alferrikaldua, kazetari gazte andana lanik gabe kalean, epaile inbezil batek ezabatua euskarazko egunkari normal baten lehenengo saioa historian, euskal jendeak euskal jendearentzat egina. Egun haiek ez dira orain absoluzio bategatik ahaztekoak. Akusatuen atxiloketa umiliagarriak, tratu txarrak, traumak. Justiziaren lardaskeria denbora guztian. Politikari demokraten ezaxola burlatia beti konnibentzia gozoenean polizia demokratikoaren kirtenkeria ebidenteekin. Euskararen herri lainoaren frustrazioa. Tertulianoen pozgaiztoa, iraina, iritzi publiko espainolista guztiaren eskarnioa eta difamazioa. (Zer nahi duzu: espainolak dira!). «Zazpi urte denbora asko da», esan du Blanka Urgellek. Zazpi urte itxaron dugu PSOEtik hori entzuteko. Zazpi urte lapurtu zaie, egunik egun, akusatuei, desesperatuki euren buruak defenditzea baino ia beste ezertarako burua libre ezin ukan zutela. Euren familiak. Zazpi urte angustia, infernu. Ez, ez da ahaztekoa zazpi urte hauek.
Baina bihar, berriro, biharamunean pentsatu beharko dugu denok, gaur hala ere bihotz-bihotzez zoriondu gura zaituztegun injustuki akusatu absolbituok berriz ere aurretik zaituztegula. Luma eta lumazo horien petik behin eta betiko libre egon arte.