Igande honetan Bilbon Egunkaria-ren eskertza ekitaldian egon nahi duten herritarrek gonbidapenak eskuratzeko aukera daukate 607 770 740 zenbakira deituta.
11:30ean hasiko da jaialdia, Euskalduna jauregiko areto nagusian. Antolatzaileek aurreratu dutenez, dantza ikuskizuna egingo du Jon Maiak. Andoni Egaña eta Xabier Lizaso bertsotan arituko dira, Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza bezala; azken horiek, baina, gitarrarekin. Gitarra eta beste instrumentu batzuekin kontzertua emango dute Gose eta Katamalo musika taldeek, eta baita ere Ubeda anaiek, Aitor Gorosabel eta Juan Mari Beltran musikariek. Irati Jimenez idazleak testu bat irakurriko du. Xabier Mendigurenek Babes Taldekoen izenean hitz egingo du. Herri batzordeetako kide bat ere izango da bertan, baita Kataluniako eta Madrilgo batzordeetako ordezkariak ere. Egunkaria-ko langile ohi batek ere irakurriko du testua, eta Joan Mari Torrealdai mintzatuko da auzipetu guztien izenean.
Hartu eta eman
Auzia «gazi-gozoa» izan dela, baina epaiak poztasuna eragin duela eta hori ospakizun bihurtzeko baliatu behar dela esan du Joni Ubeda musikariak. «Bada garaia bizi izandako iluntasunari argia emateko». Ubedaren arabera, euskal gizarteak «elkarrekin egoteko eta elkarrekin tratatzeko behar handia dauka», eta horrelako ekitaldi bat horretarako gune aproposa izan daitekeela uste du. «Igandetik aurrera horrelako gehiago egotea gustatuko litzaidake».
Zein abesti joko duten ez dute oraindik zehaztu Ubeda anaiek. baina argi daukate «fokuetatik urrun» herriz herri lanean aritu direnak izango dituztela gogoan. «Omenaldia izango da haientzat ere».
Epaia aldekoa izan bada ere, Joni Ubedak dio oraindik lan handia egiteko dagoela. «Auzipetuen ohorea eta herri honen alde egindako lana bere tokian utzi behar dugu. Haiei buruz esandakoak ez dituzte merezi, eta norbaitek zalantzak baditu, horiek uxatu behar ditugu». Horretan, «herritar guztien ahoz ahokoa» oso garrantzitsua dela adierazi du musikari tolosarrak.
Ines Osinaga Gose taldeko kantari eta trikitilariak ere zazpi urteko prozesu luzean auzipetuei «kalte handia» egin zaiela nabarmendu du. «Erantzukizuna eskatzeko unea da orain».
«Baikortasuna» ere aipatu du Osinagak. Eta «sentipen eta sentimendu positiboak» helaraziko dituen abestia eskainiko duela aurreratu du. «Auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazi dieten guztientzat izango da gure kantua», azaldu du Gose taldeko musikariak. .
«Lagundutako guztiei mila esker»
«Donostian zein Bilbon kaleak betean manifestatu ziren guztiei, egunkari txikituaren errautsetatik egunkari berria eraikitzen lagundu zuten guztiei, geroko mobilizazioetan parte hartu duten milaka euskal herritarrei, kartzelan egon garenean gure familiengana berotasuna adieraziz hurbildu ziren guztiei, mila esker» esateko baliatu nahi dute ekitaldia auzipetuek, lehengo astean Torrealdaik esan zuenez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak apirilaren 12an atera zuen itxiera auziko epaia: absoluzioa.