Egunkaria auziaren egoera juridikoa

2007, abenduak 6

Egunkaria auziko sumario nagusiaren zein atal ekonomikoaren egoera juridikoak zertan diren azaldu berri du Iñigo Iruin abokatuak, Durangoko Liburu eta Disko Azokan eginiko mahai-inguruan. Nahasiak izaten dira auzi judizialen tripak. Areago, ustez egindako delituak zein diren argi ez dagoenean. Egunkaria auziaren egoera ulertarazten saiatu zen Iñigo Iruin abokatua, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Juan Mari Torrealdai auzipetuekin eginiko mahai-inguruan. Azken egunotan hitzetik hortzera ibili den Botin auziari buruzko ebazpenak Egunkaria auzian izan dezakeen eragina ere azaldu zuen. «Izan dezakeena, ez ezinbestean izango duena»,ohartarazi zuen abokatuak, eta zuhurtziaz aritzeko eskatu.

Bi prozeduratan banatuta dago Egunkaria auzia: Egunkaria-ren itxiera ekarri zuen sumario nagusia da lehena, auzi ekonomikoa bigarrena.Hortaz, bi prozedurek aurrera egiten badute, bi epaiketetan epaituko dituzte auzipetuak. Zazpi akusatu lehenengoan, zortzi bigarrenean. Juan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi, birritan epaituko lituzkete. Hamabi auzipetu daude guztira.

Egunkaria-n izandako ardurengatik ETAko kide izatea egozten diete lehen auzian akusatutakoei, eta 14 eta 12 urteko espetxeratzeak eskatzen. Fiskalak berak esana du ez dagoela epaiketa egiteko arrazoirik. Auzipetuei zer leporatu ez dagoela esana du. Auzia artxiba dadila eskatu du. Akusazio partikularrik ez dago auzian; ez dago zigor eskaerak egin ditzakeen kaltetu zuzenik. Baina bada epaiketa egin dadila eta epaituak zigortu daitezela eskatu duenik: AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak. Herri akusazio gisa ari dira biak, eta zigor gogorrak eskatu dituzte.

Baina herri akusazioaren eskaerekin bakarrik, fiskalaren zein akusazio partikularren eskaerarik gabe epaiketa egitea legezkoa den argitu gabe dago. Horixe da Egunkaria-ren sumario nagusian argitu behar dena. Horretantxe ezar dezake aurrekaria Botin auziak. Eta herri akusazioaren eskaerarekin soilik ezin dela epaiketarik egin ebatzi berri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hortaz, Egunkaria auziaren atal nagusiaren epaiketa ere ezingo litzateke egin, defentsaren abokatuen ustez. Baina bi auzien prozedura ez da erabat berdina, Botinena prozedura laburtua izan delako, eta Egunkaria-rena sumario arrunta delako. Hortaz, Gorenaren epaiaren arrazonamenduak aztertu arte «zuhurtziaz» aritzeko eskatu du Iruinek.

AUZI EKONOMIKOAri dagokion epaiketa, berriz, argi dago egin egingo dela. Abokatuek ez dute dagoeneko artxibatzeko eskatzeko aukera gehiagorik. Epaiketa non egingo den da orain argitu beharrekoa. Irregulartasun ekonomikoak egitea egozten diete atal horretan auzipetuta daudenei. Diru kontuak faltsutzea eta zerga iruzurra egitea. Horiek guztiak, delitu ekonomiko hutsak. Guztira 184 urteko zigorra eskatzen diete horiengatik auzipetuei.

Defentsak hasieratik argudiatu duenez, delitu ekonomikoei buruzko auziak ez dagozkio Auzitegi Nazionalari. «Terrorismoari» lotutako auziak dira han epaitzen direnak, auzitegiak berak esana duenez. Hortaz, arlo ekonomikoaren atala Tolosako auzitegira eraman behar litzakeela dio.

Fiskalak ere jarrera bera erakutsi du orain arte. Argi esana du «terrorismo delituekin zerikusirik ez duen auzia» izanik, Donostiako epaitegiaren konpetentzia behar duela izan. Joan zen astean, ordea, fiskalak akusazioei eusten dien edo ez argitu behar zuenean, Dignidad y Justicia elkartearen eskaera guztiekin bat egiten zuela esan zuen. Epaiketa egin dadila eskatu, eta zigor gogorrak galdegin zituen. Fiskalaren norabide aldaketa horrek, beraz, eragin zuzena izan dezake auziaren norabidean, eta epaiketa Auzitegi Nazionalean

egiteko aukera erraztu du.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>