Egunkaria auziko absoluzioaren ostean, auziaren kontra indarra egin dutenei eskerrak emateko ekitaldia egin zuten igandean (apirilak 25) Bilbon, Euskalduna jauregian. Auzi ekonomikoa irekita dagoela ekarri dute gogora. (ekitaldiko argazki bilduma hemen)
Indarrak bilduta, elkar hartuta, bat eginda. Halaxe aritu da Euskal Herria Egunkaria auzia-ren kontra, bost auzipetuen iritzian. «Zuek zarete sententzia honen meritudun nagusiak», esan zuen Joan Mari Torrealdaik. Eskertuta agertu ziren oso, eta emandako «solidaritatea, elkartasuna, atxikimendua, sostengua, babesa eta maitasuna» txalotu zituzten. Nolanahi ere, gogora ekarri zuten Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ere epaiketara bidean dela eta zigor eskaera gogorrak daudela auzipetuentzat. Orain arte bezala, bat eginda, laguntzen jarraitzeko eskatu zieten Euskalduna jauregian bildutakoei. «Bigarren absoluzioarekin amaitu behar du gure historiak».
Egunkaria auzia-ren kontra zerbait egin duten guztientzat zen igandeko jaialdia. Euskaldunan bildu zirenak aurretik ere egonak izango ziren elkarrekin, auzia salatzen. Donostiako manifestazioan agian, edo Bilbokoan. Kursaaleko kantaldian ere izan zitekeen. Kezka aurpegiarekin izango ziren haietan, amorratuta eta haserre. Euskaldunan, bestelako giro bat arnasten zen, ordea. Nabarmena zen poza, eta irribarretsuak ziren aurpegiak.
Guardia Zibilak 2003an Egunkaria itxita abiatu zuen auziaren kontra lan isilean aritu direnentzat omenaldi txiki bat izan zen. Kantuz, dantzaz eta hitzez osatutako jaialdia. Guardia zibilek kontrolean gelditu zituztelako soinu frogara larri iritsi ziren txalapartariekin -Juan Mari Beltran eta beste hiru neska-mutil- hasi zen ekitaldia, eta Juan Mari Torrealdai auzipetuaren hitzekin amaitu. Absolbitu dituzten beste auzipetuak -Xabier Oleaga, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Iñaki Uria -eta epaitzear diren gainerako bostak -Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena- agertokian zirela, guztiak zutik, txalo zaparrada indartsuarekin.
Torrealdaik nabarmendu zuenez, «Madrilen jakin dute herri oso bat zegoela auzipetuen atzean, herri oso bat zegoela epaituen aulkian, bere hizkuntzarekin». Indarrak bilduta aritzearen garrantzia azpimarratu zuen, eta «inori lezioak emateko» ez direla nor onartu ostean, beren ustez jarraitu beharreko bidea hori dela nabarmendu zuen: «Gurean emaitza ona izan du».
Hala ere, beraiek absolbitu egin dituzten arren, ez dira ahazten «epaiketen gurpil zoroak» jiraka jarraitzen duela, eta hargatik, ekitaldian bertan ziren Udalbiltzako auzipetuei animoak eta elkartasuna igorri zizkien: «Gure eskarmentutik, zorte ona opa diegu, gure zorte bera, gutxienez».
Udalbiltzako auzipetuak ez ziren izan publikoan eseri ziren aurpegi ezagun bakarrak. Politikan aritzen direnen ordezkaritza zabala zegoen, baita sindikalgintzakoa ere, eta zer esanik ez kultur mundukoena. Azken horiek izan ziren batik bat agertoki gainean ere, Naroa Iturri eta Udane Goikoetxea kazetariek gidatuta.
Miren Amuriza eta Maddalen Arzallus bertsolariak izan ziren eztarria berotzen aurrenak. Amurizak darbukarekin eta Arzallusek gitarrarekin bi bertso sorta abestu zituzten. «Zazpi urtean tamalez, konponbidearen partez, ‘Egunkaria’ itxita dago eta zauriak ez» hitzekin amaitu zuten Mendian gora abestiaren doinuan egindako aurreneko sorta. Adierazpen askatasuna aldarrikatu zuten, inkomunikazioa salatu eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu. Koplak ziren bigarren sortakoak, a capella-ko duoan «askeak izan nahi dugu» esanez amaitu zuten Zakilixut-en gorabeherez osaturikoak.
Ez ziren bi horiek izan ekitaldian agertu ziren bertsolari bakarrak. Xebastian Lizaso –Egunkaria-ko langile ohia-, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio ere aritu ziren kantuan. Herri egiturak indartzeko lanean jarraitzeko deia egin zuen Lujanbiok, bigarren bertsoan, amaiera honekin: «Etorkizuna ezin da soilik / ilusiotik eraiki». Atzera begiratuz aurrera so jarri zen Lizaso ere: «Amesgaiztotik esnatu gera / eta nekatuta gaude / egunsentiak ematen duen / itxaropenaren jabe». Opari bat ere eman zuten bertsolariek Euskaldunara: duela hogei urte, Egunkaria sortu zenean, Igor Elortzak euskarazko lehenengo kazetari buruz botatako bertsoen azken puntuak jarri zituzten bideoan. «Bertsolariek umetan behintzat / egia esaten dute» abestuz aurkeztu zituen Egañak.
Bi saio horien artean hitza ere izan zen. Duela zazpi urte hain ezagun egin zen Egunkaria aurrera lelodun elastiko urdina jantzita agertu zen Lorea Agirre langile ohia. Berak idatzi zuen Gezurra ari du liburua, Egunkaria-ren itxieraren kronika. «Dena gezurra zen. Horixe da egia», esan zuen. Langile ohiek «mundua sortu eta jaso» egiten zutela azaldu zuen, «euskararen herriarentzat, Euskal Herriarentzat, euskaraz eta euskaratik. Egunero. Berria».
Egunkaria itxi zuten biharamunean, langileek egin zuten Egunero-ren lehen aleko titularra ekarri zuen gogora: Itxia, baina ez isildua. Inoiz idatzi nahi ez zuten titularra zen, baina «inoiz idatzi dugun beteena». Ez isiltzen lagundu dieten guztiei eskerrak emanez amaitu zuen, Egunkaria-ko langile guztien izenean.
Txistu eta txalo lehia
Fermin Muguruza agertu zen, besteak beste, zazpi urteko ibilbidearen errepasoa egiten zuen bideoan. Madrilen, Amaia Zubiriaren, Benito Lertxundiren eta hiruren izenean, Musikaren Sarietan euskarazko kanta onenaren saria jasotzen agertzen zen, elastiko urdinarekin. Egunkaria-ren itxiera salatu zuen hitza eman ziotenean, eta txistuz hartu zuten hori hango entzuleek. Euskaldunako publikoak txaloz erantzun zien Ferminen hitzei, txistu hotsa estaliz.
Kantu gehiago etorri ziren gero. Katamalo taldekoek Basatzetan garbi eskaini zuten, Gotzon Barandiaranek Jose Luis Otamendiren Aritmetika ariketak poema irakurri ostean. Aitor Gorosabelek ere astindu zuen gitarra. Bertso berriak herri kanta abestu zuen aurrena, eta Zu zara Egunkaria abestu ostean ezkutatu zen agertokitik, «eskerrik asko, Egunkaria!» esanda.
Jon Maia Egunkaria-ko langile ohiak dantza egin zuen gero; Sakonki maite dut koreografia osatu zuen, Iñaki Salvadorren musika eta Mikel Laboa zenaren ahotsaren konpasean.
Gosekoek Surik bai abestia jo zuten. «Ez ahaztu, hemen torturatzen da» esanez agurtu zen Ines Osinaga abeslaria. Ubeda anaiek Deabruak Teilatuetan taldean jotzen zuten Zuentzat abestu zuten, gitarra baten laguntzaz. «Milesker. Egunkaria aurrera!» esanda agurtu ziren.
Abestiak amaitu zirenean, Egunkaria auziko Babes Taldearen txanda iritsi zen. Agertokira igo ziren Ainhoa Etxaide, Adolfo Muñoz, Garbiñe Biurrun, Xabier Arzalluz, Laura Mintegi, Carlos Garaikoetxea, Baltasar Errazti, Jesus Uzkudun, Koldo Gorostiaga eta Xabier Mendiguren. Azken horrek hitz egin zuen guztien izenean, Martin Ugaldek Egunkaria-ko lan taldeari behin baino gehiagotan kontatu zien alegia Euskaldunan batutako guztiei eskainiz. Torrealdaik bere hitzaldian egin bezala, elkartuta aritzearen garrantzia azpimarratu zuen Mendigurenek ere. Horixe izan da, haren iritzian, Babes Taldearen ezaugarri nagusietako bat ere, elkarlan horretan izan duten aniztasuna. «Pentsaera eta sektore guztietako ahotsak bat eginik» aritzeak sinesgarritasuna eman die, haren irudiko, Babes Taldearen ekimenei. Zazpi urte hauetan, «fedez eta zalantzaz» bizi izan dituzte «hainbat une nekagarri». Emaitza ikustean, ordea, ondorio batetara iritsi dira: «Merezi zuen elkarturik aritzea».