‘Egunkaria’-tik haratago

2013, otsailak 20

Joan Mari Torrealdai (Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohia)

Ia dozena erdi bat urte pasatu nituen ulertu ezinik zergatik jokatu zuten jokatu zuten bezala Guardia Zibilak eta horien eskutik epaile instruktoreak, Juan del Olmo jaunak. Ezin nuen ulertu zergatik itxi zuten Egunkaria epaiketa gabe, itxi eta ondasunak likidatu; zergatik jokatu zuten gurekin horren bortitz, Egin egunkariaren kasuan ez bezala: atxiloketa, tortura, kartzela. Nola salatzen ziguten zuzen-zuzenean eta aurreneko ordutik ETAko kide izatea, buruzagi gainera, 10 edo 13 urte lehenago zabaldu ziren guri buruzko eta gureak ez ziren paper batzuetan oinarrituta, beste frogarik gabe, froga pertsonalizatu bakar bat gabe.

Juan del Olmo epaileak Guardia Zibilak bezain argi zuen auzia: etakideak ginen, kulturgintzan mozorrotuta geunden, hain zuzen ere ETArentzat hobeto lan egin ahal izateko. Beraz, epaiketa zegokigun.

Eta epaiketa egin egin zen. Epaiketakoan, akusazioek ezin izan zuten deus frogatu. Ez da hori bakarrik: Auzitegiak bere ebazpenean argi eta garbi dio bai ikerketa poliziala eta bai instrukzio judiziala aurreiritzi eta espekulazioetan oinarritu zirela biak.

Auzitegiak akusazioei salatzen dien aurreiritzi horietako bat, nagusia agian, hauxe da literalki: «La estrecha y errónea visión según la cual todo lo que tenga que ver con el euskera y la cultura en esta lengua tiene que estar fomentado y/o controlado por E.T.A. conduce, en el proceso penal, a una errónea valoración de datos y hechos y a la inconsistencia de la imputación».

Ebazpen hori 2010eko apirilekoa da. Salatzen duen ikuspegiaren jatorria 2007an ezagutu genuen guk. Zeharbidez.

Hona nola: 2007ko irailean Dignidad y Justiciak sumarioko kideon aurka akusazioak formulatu eta zigorrak eskatu zizkigun txostenean agertzen da. Txosten horrek Egunkaria bakarrik ez, euskalgintza osoa analizatzen du. Sakontasunak harritu gintuen, eta iturburua beste nonbait behar zuela susmatu genuen. Bai asmatu ere. Dignidad y Justiciak, hitzez hitz, iturria aitortu gabe, Guardia Zibilaren Zuzendaritza Nagusiko Informazio Zerbitzuek 2002an landu zuten txostenetik jasoa zuen: «La manipulación de la lengua y la cultura vasca por E.T.A.», 20 orrialde.

Sekulako aurkikuntza izan zen hori guretzat. Txosten hori irakurrita, aise ulertu genuen nola tratatu gintuen Guardia Zibilak, zergatik akusatzen gintuen epaile instruktoreak, nola 2001ean hasita euskal kulturako 20 enpresa miatu zituzten, gure atxiloketan zertarako eraman zuten informazioa Jakin-etik, Elkar fundaziotik, Argia-tik, Ikastola-Partaidetik. Eta gainerako guztia. Akusazio guztien ama zen.

Inondik ere txosten horri egiten dio keinu Auzitegiak gaitz guztien iturburutzat ikuspegi estu eta oker hori salatzen duenean. Txosten horrek bitan banatzen du euskalgintza: labur esanda, instituzionala eta bestea. Batean daude Nazioko Gobernua eta gobernu autonomikoak, holaxe. Eta bestean? Bestean ETA, holaxe. ETAk, izan ere, bere buruari euskal kulturaren alorrean zera aitortzen omen dio: «la exclusiva en su protección, difusión y ánimo para impulsarla». Esklusiba. Horra tesiaren muina.

Ondorioa argia da, euskalgintza sozialak ez du autonomiarik, ez du independentziarik, ez da beregaina, ez du gorputzik. Ez dago gizarte zibilik euskararen unibertsoan, euskalgintza soziala ETAren eremu esklusiboa baita. ETAri aurrexistentzia eta omnipresentzia aitortuz, gizarte zibilari euskalgintzan jarduteko legitimitatea ukatu egiten zaio. Kontzeptuak, egiturak, proiektuak, ekimenak oro ETArenak dira. Eta euskalgintza ETArena denez, ez du muntarik zer egiten duzun, zer zaren baizik.

Uste izan genuen orduan, eta hala uste dugu orain, txosten horrek argi berria ematen diola Egunkaria-ren auziari, egun argitan garbi agertzen baita bertan, helburu eta argudioetan, azken jomugan ez dagoela Egunkaria, euskal kultura baizik. Espresuki aipatzen dira ikastolak, unibertsitatea, artearen mundua, dantza eta folklore taldeak, Martin Ugalde Kultur Parkea.

Guardia Zibilaren tesi hori ezagutu orduko ohartarazi genuen Egunkaria baino gehiago zegoela jokoan gure epaiketan. Zigor sententzia batekin Guardia Zibilaren tesia indarturik aterako zen. Eta Egunkaria-ren aurka jo zuten bezala jo ahal izango zuten hainbat proiektu, enpresa eta talderen kontra, argudio-ildo berberarekin. Kondena tarteko, euskal kulturaren kriminalizazioak ez zukeen frenorik. Zirkulu bat gehiago erantsiko zioten «den-dena ETA da» doktrinari: lehen zirkuluan, komandoak; bigarrenean, ezker abertzaleko alderdiak; hirugarrenean, eragile soziopolitikoak, 18/98a. Eta laugarrenean, euskara eta kultura.

Zorionez, Auzitegiaren sententziak txiki-txiki eginda uzten du saio gaizto hori. Egunkaria-ren epaiketatik euskal kultura libre, garbi eta indarturik atera da.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>