Arrazoia

2013, otsailak 20

Idurre Eskisabel

Aitona Joakin Txikik behin baino gehiagotan esan zidan: «Ikusiko duzu, zuei itxi egingo dizuete Egunkaria; kartzelara eramango zaituztete». Eta, noski, irribarrez erantzuten nion, umeekin eta zaharrekin ibiltzen dugun tonu onberaz: egoteko lasai, ez zela halakorik kabitzen inoren buruan. Eta nire kolkorako pentsatzen nuen txotxatuta zebilela aitona, nolabait, Gerra garai ikaragarri hartara itzulia zela, bai behintzat politika kontuetan. Nire inozoan sinetsita bainengoen bazirela muga batzuk estatu aparatu ankerrenek ere urra ezin zitzaketenak, nahiz eta ordurako behin baino gehiagotan ikusi nuen hesi gaindiezin horietako batzuk nola eraisten zituzten; nola zen gero eta estuagoa babes eremua.

«Ikusiko duzu, Egunkaria itxi egingo dizuete», tematzen zen, ordea, aitona: «Honek lehengo igualak dira. Ez dira kanbiatu. Ez dute euskara begien aurrean ikusi nahi; minik handiena euskarak egiten die». Eta neure kautan pentsatzen nuen txikiegiak, ezgauzagiak ginela inori egiazko minik egiteko; balizkoa nahi nuen etsaiak kontuan har gintzan. Eta ez nintzen konturatzen, euskararen bidez egunero herri bat gorpuzten genuela Samatzetik Cortesera, eta Eskiulatik Lanestosara. Hori zela gure handitasuna; gure kontrako heriotza epaia. Eta aitona Joakin Txikik arrazoi zuela.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>