Eragileek ere auzia buka dadila eskatu dute

2014, ekainak 7

Eragile asko bildu ziren atzo Martin Ugalde kultur parkean Egunkaria auzia salatzeko eta buka dadila eskatzeko.

“Epaiketarik gabeko justizia ez da justizia, injustizia baizik”
Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia)

“11 urte pasatu dira jadanik, eta azkenean preskripzioa iritsi da. Epaiketarik gabeko justizia ez da justizia, injustizia baizik, eta nabarmena, gainera; azkenean ikusi da ez zegoela arrazoirik Egunkaria ixteko, baina itxita dago, eta ez da irekiko berriro. Injustizia izan da, gainera, atxilotuak eta torturatuak izan direnentzat. Herri honek, ordea, argi ikusi zuen euskarazko egunkari bat behar zuela, eta martxan dago; hori da hoberena”.

“Ea lortzen dugun amesgaiztoa palanka bihurtzea”
Patxi Baztarrika (Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea)

“Amesgaizto baten bukaerara iritsi garela dirudi, eta ireki behar ez zuen orrialde bat pasatzeko garaira. Epaileak baliorik gabe utzi du auzibidea, eta fiskaltzak ere epailearen ildotik jarraitzea baino ez dugu espero. Ea lortzen dugun orain 11 urteko amesgaizto hau palanka gisa erabiltzea euskarazko hedabideak sendotzeko, hedabide horiek ezinbestekoak direlako gure gizartean euskararen erabilera eta indarra areagotzeko”.

“‘Nola ausartu ziren hau egitera?’; hori da galdera”
Paul Bilbao (Kontseiluko idazkari nagusia)

“Egun gazi-gozoa da gaurkoa. ‘Nola ausartu ziren hau egitera?’ galdetu behar diogu geure buruari. Itxitzat eman dute kasua, preskribatu egin duelako, baina garbi esan behar da herriak hasiera-hasieratik absolbitu zituela atxilotuak eta proiektua bera. Baina ez da bidegabea, ez delako azaleratu hau astakeria galanta izan zela; egunkari bat itxi, jendea torturatu… Halako erabakiak hartzeak ez duela ondoriorik izaten erakusten du, gainera”.

“Sekula gertatu behar ez zuen gertaeraren kronika”
Laura Mintegi (EH Bilduko legebiltzarkidea)

“Injustizia baten azken kapitulua da gaurkoa. Sekula gertatu behar ez zuen gertaera baten kronika egiten ari gara. Gehien arduratzen nauena da, dena den, zer-nolako baliabide politikoak dauzkagun berriro gerta ez dadin, noski. Kontua hori baita; ezin dugu egon epaile jakin baten edo momentuko egoera politiko baten pean. Nazio gisa erabateko erantzuna emateko garaia heldu da, eta horretarako baliabideak jarri behar dira, tresnak”.

“Nola jasotzen da egindako kaltearen ordaina orain?”
Joxe Austin Arrieta (idazlea)

“Hona etorri izan garen bakoitzean larritasun batekin iritsi gara, eta gaur arnasalditxo bat hartu dugu; baina kaltea egina dago, eta ordaina nola jasotzen da? Gutxienez errekonozimendua izan dadila. Astakeria egin zuten Egunkaria eraitsita, eta kalte pertsonalekin zer esanik ez. Martin Ugalderena ere hor dago. Pozik egoteko eguna da, baina oroitzekoa ere bai, ez bengantzarako, baina bai kontzientzia hartzeko. Euskal kultura desegin egin nahi izan zuten”.

“Bultzada politikoa izan zuen erabaki baten ondorioak”
Eneko Goia (EAJko bozeramailea Donostiako Udalean)

“Zoritxarrean albiste ona iritsi da, eta denak arnasari eusten ari gara fiskaltzak ez dezan helegiterik tartetu, logikarik ez lukeelako izango, gainera. 11 urte bueltaka ibili beharra egon da bultzada politikoa izan zuen erabaki baten ondorioz, erabaki horrek eragindako kalteak ahaztu gabe. Pozik egoteko motiboak badaude, baina baita gogoratzeko ere zenbat kalte eta sufrimendu eragin duen honek guztiak”.

“Espainiatik datorkigun hego haize horrekin ezin gara fio”
Pello Zabala (fraide frantziskotarra)

“Erabateko poza hartzen ez digute uzten oraindik. Bide xelebre hori, preskripzioa, hortxe dago. Espainiatik datorrena hego haize hori izaten da, eta horrekin ez dago fidatzerik. Mendi izkina batean laster beste ekintzaren bat prestatzen ariko da akaso… Pena da, baina poztu egin behar dugu. Okerrena da ezin garela kexatu, bestela igual presoei zerbait egingo baitiete edo beste moduren bat aurkituko baitute min egiteko”.

“Bidegabekeriak gertatzean herri honek erantzun egin behar du”
Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkatea)

“Herriak ez du inoiz ulertu Egunkaria-rekin egin zutena, eta erabaki politiko bat egon zela argi frogatzen ari da orain, azken albiste honekin eta aurretik beste batzuekin. Espero dezagun betiko ixtea prozesua, baina ezin da ahaztu, bestalde, egindako mina hor dagoela. Herri honek erantzun egin behar du bidegabekeriak gertatzen direnean, eta Egunkaria-rekin erantzun argia eman du. Poztekoa da, zalantzarik gabe”.

“Eta okerrena da pozik eta gustura gaudela”
Iñaki Murua (Bertsozale Elkarteko presidentea)

“Pozik eta zoriontsu etorri naiz hona aspaldiko partez, baina ez dago eskubiderik. Hainbesteko lotsagabekeria egin dute, eta okerrena da pozik gaudela, eta gustura, baina genuen tresna indartsuena eskuetatik kendu digute, eta ezin da ahaztu hori. Hainbeste duintasun eta justizia eskatzen ari den garai hauetan, esan behar dugu min ikaragarria egin dutela eta erabaki honek ez duela hori konpontzen erabat”.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>