Bukatu da ‘Egunkaria auzia’, zigor epairik gabe

2014, urriak 18

Gipuzkoako (Euskal Herria) Lurralde Auzitegiak itxi egin du Egunkaria-ko auzi ekonomikoa eta, horrela, 11 urteren ondoren auzia bukatu egin da, zigor epairik jaso gabe, 2010ean, kazetaren itxierako epaiketan absoluzioa eman baitzuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hain zuzen, auto judizial batean auzi ekonomikoko ustezko delituak (diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea) eta haien egileak zehaztu gabe zeudelako kasua preskribatutzat jo dute Gipuzkoako auzitegiko epaileek.

Egunkaria auzian bi operazio egin zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta: 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi zuten, eta urte bereko urriaren 16an auzi ekonomikoko operazioa izan zen. Bietako datuak: egunkari baten itxiera eta likidazioa, hemeretzi lagunen atxiloketa, hamar auzipetu –haietatik hiru, bi auzietan–, zazpi torturatu, sei espetxeratu, 700.000 euro bermeetan ordainarazi, 180 langile langabezira, 15.000 erosle eta 50.000 irakurle Egunkaria gabe, auzibidean 500.000 euro inguruko gastua…

Hedabidearen itxierako auzia 2010eko apirilean amaitu zen, bost lagunen aurkako epaiketa baten ondoren Auzitegi Nazionalak absoluzioa ebatzita. Epaiak zekarrenez, Egunkaria-k ez zuen ETArekin loturarik izan, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon.

Auzipetuek beti salatu izan dute auziak «bultzada politikoa» zuela. Era berean, beti eskertu izan dute euskal gizarteak emandako «babesa». Azpimarratu dute gertatutakoa ez dela sekula ahaztu behar, eta Espainiako Estatuaren aldetik ez dutela kalteordainik eta barkamen eskaerarik jaso. (eskertza ekitaldia)

Euskarazko eguneroko kazeta bakarra zen Egunkaria. 1990ean sortu zuen euskalgintzak; ez zen hedabide publikoa (argazkiak). Itxieraren ondoren, 2003ko ekainean Berria euskarazko egunkaria sortu zuten Egunkaria-ko langile ohien ekimenez, Euskal Herrian hogei mila akziodun pasak dirua jarri ostean.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>