Egunkaria-n auzipetuta izan direnek eskerrak eman dituzte Andoaingo ekitaldian (atzo izan zen). Hemen haien izenean Joan Mari Torrealdaik egindako hitzaldiaren testua (irudian, bideoa). Kazetaren itxiera kasuan absoluzioa izan zen, 2010ean; eta auzi ekonomikoan preskripzioa, 2014an.
Pozik gaude. Lasaiago gaude.
Egun handia da hau gure bizitza pertsonaletan. Zama handia kendu dugu gainetik, guk, gure familiek, gure ingurukoek. Astuna izan da, eta astunak izan gara zuekin hamaika urte hauetan.
Orain esker onen unea da. Lehen esker ona, gure abokatuei. Zuhurrak izan dira, azkarrak izan dira. Esku onetan izan gara. Bagenekien, badakigu.
Dena gutxi iruditzen zaigu, dena motz geratzen zaigu, euskal gizarteari ESKERRIK ASKO esan behar diogunean, hemen zaudetenoi eta milaka askori. Nola esan kataluniarrei ere ESKERRIK ASKO, jaso dugunaren neurri berean? Ezin. Beti labur geratuko ginateke.
2010eko apirilaren 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian ekitaldi jendetsu eta beroa burutu genuen, Madrilgo Auzitegi Nazionalak auzipetuoi absoluzioa eman eta segituan. Orduan amaitu zen askorentzat, gehienentzat agian, Egunkaria auzia.
Ez da horrela izan, ordea.Horregatik diogu egun handia dela gure bizitza pertsonaletan gaurko hau.
Pozik gaude eta esker onez. Euskal gizartearen solidaritatea, elkartasuna, atxikimendua, sostengua, babesa, hitz batean, maitasuna, gainezka jaso dugu. Egunkari berri bat ere bai opari. Jaso dugun hori guztiori zuoi nola itzuli? Modu xumerik xumeenean horretarakoxe da gaurko ekimen hau.
Pozik gaude eta esker onez, bai. Eta, hala ere, ez dugu irabazi. Hamaika urtez zintzilik eduki gaituzte. Modu bortitzean atxilotu gintuzten, nokturnitate eta alebosiaz. Legez kanpoko galdeketa zitalak egin dizkigute. Torturatu egin gaituzte. Hilabete eta hilabeteetan kartzelan izan gaituzte. Gure ondasun pertsonal eta kolektibo apal apurrak bahitu egin dizkigute. Iraindu egin gaituzte publikoki. Atxilotu gintuzten goizalde beretik epaitu, errudundu eta zigortu egin gaituzte.
Guk geuk azaldu behar izan dugu ez genuela hoben edo errurik. Paradoxikoa badirudi ere, gure erasotzaileek ez dute beharrik izan gure balizko delituak frogatzeko. Errudundu egin gintuzten, zigortu, eta kitto.
Gero, absolbitu egin gintuzten, bai, zazpi urteren buruan, eta orain, zorionez, bukatutzat eman dute kalbarioa. Baina eragindako kalte handien ordainik ez dago. Ez guretzat, ez Egunkaria osatzen genuenontzat, ez euskal gizartearentzat.
Inork ez du esan oraindik hemen hitz xinple hau ere: BARKATU.
Hemen erasoa egon da, eraso bortitza. Erasotuak egon dira, eta hemen gaude pozik gaudela esaten, zuei eskerrak ematen. Aukera hori ere ez dute beste askok, Egin egunkariko kideek, esate baterako.
Bai, erasoak ugari eta erasotuak ugariago. Baina erasotzaileak ere egon dira, eta ez dugu inor entzun barkamen eske.
Iraganarekiko kontu-garbitze lanetan sartuta gaude euskal gizartean. Agenda horretan ikusi nahi genuke Egunkaria auzia ere. Memoria eta erreparazioa Egunkaria-rentzat ere.
Memoria aktiboa eskatzen diogu euskal gizarteari orain. Memoria kolektiboan ondo gordeta manten dezala, belaunaldiz belaunaldi, XXI. mende hasieran euskarak eta euskalgintzak jasandako eraso kolpe latz hau. Askok usteko zuen aurreko mendeko diktaduren garaikoak zirela halako estatu erasoak. Oker ziren. Gaur-gaurko estatu europar homologatuak ere arrasto berari jarraitu dio, konplexurik gabe.
Historia txarra errepikatu egiten da ahazten bada. Ez dezala ahaztu halakorik euskal gizarteak.
Eredugarria izan da Egunkaria-ren harira gizarteak adierazi duen giharra. Guk ez dugu inoiz ahaztuko. Ez dezatela ahaztu euskal belaunaldi berriek.
Zorionez, beti-beti ez dute erasotzaileek irabazten. Oraingoan aurrera jarraitu nahi zuten. Ez dute lortu. Horregatik, pozik gaude.
Egunkaria auzia dela eta, inputatu eta auzipetuok talde gisa azken aldiz jendaurrean gauden unea baita hau, nola bukatu bestela, eskerrak emanez ez bada.
Eskerrik asko, Euskal Herria. Eskerrik asko, Katalunia. Eskerrik asko, babestu gaituzuen guztioi.
Egunkaria, libre!
Eskerrak emateko ekitaldia, 2014-10-17, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkea