Bukatu da Egunkaria auzia, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak pieza ekonomikoa itxita. 2003ko otsailaren 20an hasi zen auzia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak kazeta ixteko agindua emanda. 2010ean etorri zen itxierako epaia: absoluzioa, ez zegoelako ETAren eta Egunkaria-ren arteko loturarik. Baina Egunkaria-k itxita segitu zuen, eta auziko beste piezak —ekonomikoak— aurrera jarraitu zuen. Donostiako Zigor Epaitegiaren artxibo sententzia berretsi du orain Gipuzkoako Auzitegiak, 1998-2001 artean egindako ustezko delituak preskribatutzat jota —diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea—. (auzi ekonomikoko kronologia eta artxiboaren autoa) Ondorioz, zortzi auzipetuak libre geratu dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu.
Fiskaltzak epaiketa egitea nahi zuen, preskripzioa etenda zegoelakoan, eta Zubimendiren erabakiaren ostean helegitea aurkeztu zuen. Fiskaltzaren arabera, 2003ko azaroaren 4ko auto batek eten zuen preskripzioa. Gipuzkoako Auzitegiaren autoak dio auto hartan ez zirela zehazten ustezko delituak eta delitugileak. Espainiako Zigor Kodearen 132. artikuluak preskripzio bat eteteko baldintzatzat du akusazioek zehatzak izan behar dutela.
Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz 3. sekzioko magistratuek hartu dute behin betiko artxiboaren erabakia, aho batez.
Donostiako Zigor Epaitegia bezala, Gipuzkoako auzitegia ez da sartu ustezko delituak aztertzen. Dena dela, Zubimendi epaileak gogoratu zuen Jaurlaritzak bi txostenen bidez ziurtatu zuela Egunkaria-k ez zuela diru laguntzetan iruzurrik izan; PSEren gobernuak eta EAJrenak egin zituzten txostenok, 2012an eta iaz. Gipuzkoako Aldundiko Ogasunak ere esana zuen diru kontuen faltsutzerik ez zuela egin euskarazko kazetaren enpresak.
Auzitegi Nazionaletik, Donostiara
Egunkaria-ko itxiera auziko absoluzioaren ostean pieza ekonomikoa Donostiako Zigor Epaitegira pasatu zuen Auzitegi Nazionalak, ustezko delituak arruntak zirelako, ez “terrorismoarekin” lotutakoak.
Auziaren hasieran Fiskaltza Ministerioa ez zen akusazio bezala aurkeztu; gero egin zuen hori, Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaerei atxikiz —2011ko abenduan elkartea auzitik kanpo utzi zuten—. Eta, hain zuzen, zortzi lagunentzat guztira 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatu zuen fiskaltzak.
Auzi ekonomikoko operazioa 2003ko urriaren 16an izan zen. Andoaingo (Gipuzkoa) Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten orduan: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra. Lau egunera Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atzeman eta inkomunikatu zuten, epaitegian zegoela.
11 urte hauetan auzipetuek euskal gizartearen babesa jaso dute.