Gaur hemen izanik ere, han naiz

2015, abenduak 6

Gorka Erostarbe

Gaur hemen izanik ere, han naiz. Ikastolan nintzen. 13 urte. Euskarazko egunkari bat sortu zela esan zigun Inaki Beitia irakasleak bertso eskolan ginela. Zerbait piztu zitzaidan barrenean. Noizbait egunkari horretan lan egitea gaizki ez legokeela pentsatu nuen. Aurrenekoz pentsatuko nuen ofizio batean serio samar. Saskibaloi jokalari, biologo edo betiereko alfer izan nahi bainuen ordura arte. Pentsamendu lausoa zen hasiera hartan, ia ezinezkoa zirudiena, urruneko amets bat. Unibertsitatean gora-behera dexente izan nuen bokazioarekin, oraintsu dauzkadanaren tankerakoak bestalde, eta argi nuen kazetari izatekotan Egunkarian izan nahi nuela. Ez nuen beste inon ikusten neure burua. Egin nuen hautaproba bakarra Martxelok gidaturiko hura izan zen. Zortez Andoaingo erredakzioan nintzen 1999ko ekainean. Estitxu Elduaien, Ekaitz Agirre, Jon Ordóñez, Ainara Argoitia eta besterekin bateratsu sartu nintzen. Eta ondoren mundu oso bat zabaldu zen. Eta beti barrenean daramadan jende mordoxka bat azaldu bidera: Joxi, Lorea, Amagoia, Pipi, Eski, Idurre, Mikel, Ramon, Gorka, Urbix, Bult, Imanol, Enekoiztarrak, Oihana, Susa, Danel, Onintza, Maixa, Olatz, Urtzi, Erik, Ainara… eta beste hamaika. Eta baita egunkariaren bidez ezagututako beste makinatxo bat ere. Guztiek lagundu didate komunitate bateko kide sentitzen, nahiz komunitate horrekin berarekin urruntze eta gerturatze faseak izan aldika. Egunkariari eta pertsona horiei guztiei esker mundu oso bat irabazi dut. Eta esker oneko natzaie. Gaur hemen izanik ere, han naiz.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>