Urtemugen azoka da aurtengoa. Azokak berak 50 urte egin ditu, eta Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete dira gaurko egunez. Jakin aldizkariak urtemuga hori baliatu du zenbaki berrian gai nagusitzat jorratzeko. Xabier Eizagirrek (Zarautz, 1966) urte asko daramatza Jakin-en lanean, eta erredakzioburu da duela bi urte taldeko egitura eta aldizkariaren formatua aldatu zutenetik.
Zergatik Egunkaria Jakin-en zenbaki berriko atal nagusian?
Batetik, urteurren biribila delako; 25 urte sortu zela. Aitzakia nahikoa iruditu zitzaigun berreskuratzeko sorreraren historia, oso esanguratsua dela iruditzen zaigulako, eta oraindik ere mezuak eman diezazkigukeelako. Mami handia dauka ikusteak zein ekarpen egin zion euskararen normalizazioari, kazetaritza ereduari, herri mugimenduen egiturari, eta, oro har, euskal kazetaritzaren ekosistemari.
Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak idatzitako artikulua Egunkaria-k nola irakurri gaituen du izenburutzat. Nola irakurri gaitu euskaldunok?
Egunkaria bera itxi zutenean Anarik esan zuen ez dela garrantzitsuena guk Egunkaria nola irakurri dugun, baizik eta Egunkaria-k nola irakurri gaituen gu. Eta Loreak lantzen duen ideia hori da, alegia, hizkuntz komunitatea eraikitzen eta eratzen Egunkaria-k egindako ekarpena zein den. Hizkuntz komunitatean soilik ez, herrigintzaren ikuspegitik Egunkaria-k aldaketa ekarri zuen. Egun orokortuagoa dagoen nazioaren ikuspegia orduan ekarri zuen. Euskaldunok nola ikusi eta nola berrinterpretatu gintuen Egunkaria-k, hor dago gakoa.
Lorea Agirrek berak elkarrizketa egin dio Joan Mari Torrealdairi. Nekez pertsona egokiagorik sorreraz eta bilakaeraz hitz egiteko.
Dudarik gabe. Neurri batean bere aurpegiarekin identifikatzen dugu Egunkaria-ren historia. Karlos Santamariarekin, Martin Ugalderekin eta Joxemi Zumalaberekin batera ernamuinaren garaiko talde nagusia osatu zuen. Eta, tamalez, gero Egunkaria-ren itxiera ere bertatik bertara bizi izan zuen, epaiketa eta abar. Barru-barrutik ezagutu du istorioa, eta istorio hori kontatu du, herriaren bihotzetik eta hizkuntza komunitatetik sortutako proiektu hau nola garatu den.