Geroa zugan, nigan, gugan

2018, otsailak 20

(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Paul Bilbao Sarria (Kontseiluko idazkari nagusia)

Goibel esnatu zen 2003ko otsailaren 20a. Goibel esnatu, bai, eta berri ilun batek are gehiago goibeldu zuen. Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, euskarazko egunkari nazional bakarraren egoitzetara bortxaz sartu, jendea bortxaz atxilotu eta Egunkaria bera ere bortxaz itxi zuen.

Adierazpen-askatasunaren aurkako erasoa ez ezik, euskal hizkuntza-komunitatearen aurkako erasoa ere bazela ondorioztatu zuen euskal gizarteak. Horrexegatik, ziurrenez, komunitatea erantzun anitza ematen hasi zen egunean bertan.

Egunean bertan elkarretaratzeak egin ziren Euskal Herriko herri gehienetan. Egunkaria itxi eta egun batzuetara Kontseiluak deituta hamarnaka mila herritar bildu ginen Donostiako kaleetan itxiera salatzeko. Eta, hortik aurrera, gizartearen sektore guztietako eragileak bihurtu ziren, denok bihurtu ginen, bidegabekeriaren bozgorailu. Kirolariak, politikariak, idazleak, aktoreak, kazetariak, langileak… herri osoa altxatu zen eta zeinek bere erara salatu zuen eskubideen aurkako eraso larri hura.

Halere, kontua ez zen gertaera salatzea bakar-bakarrik. Egunkaria-ren itxierari aurre egitea ere izan zen, biharamunean, bertako langileek Egunero kazeta kioskoetan jartzea. Egia da hasiera batean Egunkaria-ren itxierarekin lotutako berriak besterik ez zituela jasotzen; baina hilabeteek aurrera egin ahala, argi zegoen Euskal Herriak, euskararen herriak, euskarazko egunkari nazionala behar zuela. Komunitateak beharrezkoa zuen egunero euskarazko informazio independentea jasotzea, alegia, Egunkaria-k mundua ulertzeko eskaintzen zizkigun betaurrekoen falta genuen.

Horrek ekarri zuen hurrengo hilabeteetan herriz herri, auzoz auzo, lantegiz lantegi edota ikastetxez ikastetxe gure komunitatearen neurrirako betaurreko berri batzuk egiteko beharrezko baliabideak lortzeko kanpaina abian jartzea.

Eta, azkenean, 2003ko ekainean BERRIA iritsi zen. Egun goibelean itxi zuten Egunkaria, eta egun eguzkitsuan aurkeztu zen BERRIA. Proiektu sendoa, independentea, herritarra. Milaka lagunen ekarpenei esker posible izan zen otsailean egindako bidegabekeriari sendo erantzutea.

Eta honezkero, hamabost urte joan dira egun goibel hartatik eta hamabost urte joango dira egun eguzkitsutik. Eta sorreratik bertatik ere komunitatearekiko erantzukizunez jokatzen ari da.

Erantzukizunez, bai, beste egunkari askoren kontrako norantzan jarduten duelako BERRIAk, eta, esaterako, sareetako informazio guztia libre ematen du. Horrela, erantzukizunez jardun nahi du, bai, euskaraz informatzea duelako jardun eta euskal hizkuntza-komunitateak informazioa jasotzeko eskubidea bermatu nahi duelako. Horrek ere handi egiten du BERRIA: komunitatearekiko atxikimendua, komunitatearekiko erantzukizuna zein komunitatearekiko lotura.

Komunitateak berak sortu zuen euskarazko egunkaria, eta orain ere hori bera da sostengu nagusia: milaka irakurle, ehunka langile, milaka BERRIAlagun, milaka akziodun, ehunka iragarle… Komunitate osoa dago BERRIAren atzean, eta horri guztiari esker egunero kioskoetan eta sareetan euskaraz informazioa jasotzeko eskubidea bermatzen zaigu.

Are gehiago, papereko egunkari nazionalaz harago, hor ditugu webgunea, edota Mantangorri, edota herrialdeetako Hitzak, edota Badok ataria, edota beste hainbat produktu. Hamabost urtean komunitatea zaintzen eta euskaraz bizi nahi dugunoi ahalik eta tresna berri gehien eskaintzen jardun du, betaurreko desberdinak eskaini dizkigu.

Geure betaurrekoetatik mundua ikustea ahalbidetzen digun hedabidea da BERRIA. Horrexegatik, hain zuzen ere, duela hamabost urte bezala, orain ere badagokigu erantzukizunez jokatzea. Gizartea informatzeko BERRIAren eredua duen kazetaritzak laguntza behar du. BERRIAk laguntza behar du. Ez dira, ez, garai onenak papereko kazetaritzarako; ez dira, ez, garai onenak gizartearekin erantzukizunez jokatu nahi duen kazetaritzarako.

Horrexegatik behar dugu BERRIA lagundu, babestu eta sustatu. Herritik sortua eta herriak sortua delako, orain herriak beste aupada bat eman dio. BERRIAk erantzukizunez jokatzea nahi badugu, guk geuk ere halaxe jokatu behar dugu berarekin.

BERRIAren bidez lortu egin genuen otsailaren 20ko egun goibel hartan zuten asmo zitalari aurre egitea. Egunkari are sendoago eta indartsu batekin egin zitzaion aurre Estatuaren kanpo esku-hartze ikaragarri hari. Hori posible egin zuen herri-gogo ikaragarri hark erakutsi zuen beharrezkoa dugula euskarazko egunkari nazional sendoa.

Hamabost urte, bai, gure herriaren kapitulu beltzetako bat idatzi genuenetik, eta espero dezagun horrelako kapitulurik idatzi behar ez izatea. Halere, kapitulu beltzak, gorriak, moreak zein berdeak euskarazko egunkari batean idatzita nahi ditut nik etorkizunean ere. Euskal Herrian eta munduan gertatzen dena BERRIak konta diezadala nahi dut.

Hortaz, bat egin dezagun, BERRIAlagun bihur gaitezen; izan ere, BERRIAren geroa guztiongan dago, zugan, nigan, gugan.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>