(Egunkaria-ren itxiera. 15 urte)
Miren Amuriza
Urteurrenak. Memoria kolektiboaren parte direnak batzuk: apirilleko illarekin zan ogei ta seigarrenean, aiñ juxtu ere peri eguna astelehen arratsaldean… Norbere barne-egutegitxoa osatzen dutenak besteak: … zorionak ta muxu bat, zuretzako. Sentiarazten digutenaren araberako adierazpenak egitea, zorionak edo doluminak ematea, ahalbidetzen diguten datak denak. Ordea, gaur ez dakit zer esan.
Zeren, zelan adierazi poza duela hamabost urte atxilotu, torturatu, espetxeratu eta auzipetu zituzten dozenaka lagunei eta beren hurrekoei? Zelan poztu oinarririk bako operazio haien faktura ekonomikoak, fisikoak, emozionalak ordaindu behar izan dituzten horien denen aurrean? Baina, era berean, zelan adierazi atsekabea Egunkaria itxi eta hogeita lau ordura Egunero argitaratu zutenei? Biharamunean Donostiako kaleak hartu zituztenei, BERRIAren sortzaileei, beharginei eta irakurleei… Harrezkero, goizero-goizero, euskarazko kazetaritzaren aldeko hautua egiten duzuenoi, zelan zuzendu atsekabetuta?
Komunikazio berbala digitala dela entzun nion behin idazle bati; txiki hitza ez dela handi baino handiagoa guri hala iruditu arren. Aldiz, gorputz adierazpena analogikoa dela zioen, adierazten duen huraxe egiten duena; adibidez, besarkada bat. Denari hitzak jarri beharrik ez da egongo akaso, baina, zerbait esatekotan, keinu horixe gaurkoen sintesia.