Uria «Itxaropentsu izan nahi dugu, baina hankak lurrean eduki behar dira»

2009, abenduak 18

ad.jpg

«Gaztetxean, etxean bezala, Madrilen ez bezala». Hitz egiten hasi, eta Iñaki Uriak esan zuen lehen gauza izan zen. Etxean zegoen, Zarautzen bertan. Eta etxean bezala sentitu zen, afari merienda eta guzti, tertulia giroan. Madrildik etorri berritan, epaiketako aurreneko bi egunetako gorabeherak kontatu zituen Uriak Putzuzulo gaztetxean, Euskara Astearen barnean.

Imanol Murua Uria kazetaria izan zuen lagun, eta tertulia giroan egin zuten hitzaldia. Edozeinek zuen puntua jartzeko aukera, eta guztiei erantzun zien Uriak.

«Motzean» adierazi zituen Auzitegi Nazionalean hiru orduz emandako azalpenak. Egunkaria sortzeko prozedura nolakoa izan zen, Uriak berak zein ibilbide egin zuen, eta KASekin eta ETArekin loturarik ez zutela izan. Harritu ere egin zuen Gomez Bermudezen jarrerak, utzi egin baitzien inkomunikazio garaian jasan zituzten torturen berri ematen. Berak ez ezik, gainerako epaituek ere azaldu zituzten bost egun horietan bizitakoak, eta Uriak berak aitortu zuen zenbait kasutan emozionatu ere egin zirela: «Nik neuk nabaritu nuen emozionatzen ari nintzela».

Putzuzulon bertan ere kontatu zituen tortura haiek. Hizketaldiko une gordinena huraxe izan zen. Kontatu zuen aurreneko egunean ordu asko eginarazi zizkiotela besoa altxatuta, eskolan hitza eskatzerakoan bezala, eta hurrengo egunean oinaze handia izan zuela. Flexioak egiten jarri zuten bigarren egunean. Gehiago ezin zuenean lurrera erortzen zen, baina lurra ukitzeaz ziztada sentitzen zuen bularraldean. Elektrodoak ote ziren ere pentsatu zuen. Ondorioz, jasangaitza egin zitzaion egoera, ariketak egin ezinda lurrera erortzen zelako, eta kolpea ezin zuelako jasan. Ziztada hura bezperan besoa altxatuta edukiarazi ziotelako izango zela ondorioztatu zuen.

Epaiketako lehen egunetan fiskalak galderarik ez egiteak inpresio ona egin dien arren, akusazioaren atzean Guardia Zibila dagoela badakite auzipetuek, eta horrek lasaitzeko tarterik ez die uzten. Auzipetuek lortu nahi dutena fiskalak absoluzioa eskatzea da, baina badakite AVT eta Dignidad y Justicia akusazioaren helburua kontrakoa dela. «Itxaropentsu izan nahi dugu, baina hankak lurrean eduki behar dira», esan zuen Uriak.

Hotz egiten zuen Putzuzulon tenperaturaz, baina giroa atsegina zen. Pintxoak eta salda ere baziren, barrua berotzeko. Zarautzen beti izan du harrera ona Egunkaria-k. Hura sortzeko garaian ere lan handia egin zen, eta Egunkaria-ren aldeko batzordeko kide batek jakinarazi zuenez, orain ere poliki doa epaiketako gastuetan laguntzeko diru bilketa. Bihar Bilbon izango den manifestaziorako lau autobus bete dituzte dagoeneko. Udalak ordainduko ditu.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>