Otamendi: «Guardia Zibila ez dago ohituta Madrilen partidak galtzera»

2009, abenduak 18

ad1.jpg

Epaiketako lehenengo bi egunetan fiskalak agertutako jarrerarekin baikor agertu da, baina kezkatuta itzuli da Euskal Herrira Martxelo Otamendi. Egunkaria-ko zuzendari ohiaren aburuz, epaiketako bi saioetan, eta bereziki herenegun eginikoan, agerian geratu da Guardia Zibilak bultzatu zuela Egunkaria ixtea.

Hori argi geratzea positibotzat jo badu ere, kezkatuta dago, hurrengo saioetan epaiketak har dezakeen norabidearekin bereziki. «Guardia Zibila ez dago ohituta partidak galtzera, are gutxiago partida hori Madrilen jokatzen bada», esan du Otamendik, Carmen Lamarca abokatu eta unibertsitate irakaslerekin batera, Madrilen.

Otamendik nabarmendu du epaiketa fiskalaren akusaziorik gabe egiten ari dela. Ez bost auzipetuei eta ez herenegun deklaratu zuten hiru guardia zibilei ere ez zien galderarik egin Miguel Angel Carballo fiskalak. Auzipetuek uko egin zioten herri akusazio gisa ari diren AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek eginiko galderak erantzuteari, eta haien abokatuek eginikoei erantzun zieten bakarrik. «Denok dakigu euskal herritarrok tartean gauden auzietan AVT eta Dignidad y Justicia PPren eta Guardia Zibilaren adar juridikoak direla».

Bestalde, akusazioak deituta lekuko gisa deklaratu zuten guardia zibilek defentsaren eta akusazioaren galderei erantzun zieten. Guardia zibil horiek peritu gisa deklaratuko dute. Herenegungo saioan agerian geratu zen, baina, haiek egin zituztela instrukzio garaiko diligentziak eta txostenak. Eta haietako batek onartu zuen berak eskatu ziola Juan del Olmo epaileari Egunkaria ixteko. «Guardia Zibilean jada ez dagoen kide baten burugogorkeriak bultzatu zuen auzia», adierazi du Otamendik.

Euskal kulturari erasoa

Egunkaria ixteak euskal kulturari «mesede» egingo ziola esan zuen Angel Acebesek, orduko Espainiako Barne ministroak. Eta Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak: «Uste zuten ez ginela ausartuko halako zer edo zer egitera». Hitz horiek izan ditu gogoan Otamendik. Haren arabera, Espainiako Gobernua «edozer gauza egiteko» gai zela erakutsi nahi zuen garai horretan. «Jokaldia, baina, ez zuten ondo egin, eta herritarrak gurekin izan ziren», nabarmendu du Egunkaria-ko zuzendari ohiak.

Horren harira, prentsaurrekoan izan den Carmen Lamarca abokatuak azpimarratu du Egunkaria itxi izana «euskal kulturaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa» izan zela.

Manifestazioa debekatu duten arren, elkartasuna adieraziko dute Madrilen

Madrilen deituta zegoen manifestazioa debekatu egin dute. Hala ere, hango babes taldeak Berria-ri azaldu dio «leku itxi batean bada ere» ekimen bat egingo dutela larunbatean. Atzo debekatu zuen Madrilgo Auzitegi Nagusiak Egunkaria-ren alde Espainiako hiriburuan egitekoa zen manifestazioa. Espaniako Gobernuak Madrilen duen ordezkaritzak debekatu zuen lehenengo, eta babes taldeak helegitea jarri zuen. Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, Espaniako Gobernuari eman dio arrazoia. Argudiatu du ordena publikoa nahasi dezakeela ekimena ordu horretan eta toki horretan egiteak, Gabonak gertu izanda. Haserrea agertu du babes taldeak, eta gogorarazi du ia 400 lagunek sinatu dutela Egunkaria-ren aldeko manifestua Madrilen. Besteak beste, hauek sinatu dute agiria: Gaspar Llamazaresek, Carlo Fabrettik, Belen Gopeguik, Guillermo Toledok, Javier Sadabak, Carlos Taibok, Antonio Alvarez Solisek eta Santiago Alba Ricok.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>