Gipuzkoako Batzar Nagusiek ‘Egunkaria auzia’ behin betiko artxibatzeko eskatu dute, PSEk ere alde eginda

2010, urtarrilak 13

Egunkaria auzia behin betiko artxibatzeko eskatu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba eta EBk ez ezik, PSE-EEk ere egin du horren alde. PP izan da erabakiaren aurka egin duen bakarra -EAE-ANV baliogabe jo zuen 2007ko hauteskundeetan Espainiako Justiziak-. Batzar Nagusietan onartu duten testuan ageri denez, Egunkaria auzia “ez dago Zuzenbidean oinarritua” eta horregatik Espainiako Auzitegi Nazionalari “kasua behin betiko artxibatzeko eta eragindako kalteak osatzeko” eskatu diote.

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga itxiera kasuko auzipetuei elkartasuna eskaini diete EAJ, Aralar, Hamaikabat, Alternatiba, EB eta PSE-EEk, eta haiek 2003an Egunkaria itxi zutenetik jasan behar izan dutenagatik kezka agertu dute talde politikoek.Batzar Nagusietako hasierako eskaera Aralarrek egin zuen, hark gero EAJ eta Hamaikabatekin adostu zuen testua, eta gaur bozkatu dute.

Mikel Serrano PSEko batzarkideak gogoratu du Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak ez duela auzipetuen aurkako zigorrik aurkeztu eta auzian akusazio partikularrik ez dagoela. Egunkaria-ren itxiera “gehiegikeria” izan zela adierazi du eta, gainera, “luzatu” egin dela, zazpi urtera ari direlako epaiketa egiten. “Dena den, ekinbide judiziala ez da euskal kulturaren eta euskararen aurkakoa”.

Prozesu luze horretan inputatuak espetxeratu eta berme handiak ordaintzera behartu zituztela gogoratu du, berriz, EAJko eledun Asier Aranbarrik. Nabarmendu du 180 langile inguru lanik gabe geratu zirela eta kazetaren irakurleak ere kaltetuak izan zirela. «Adierazpen askatasunaren kontrako proportziorik gabeko erasoa izan zen».

Horren harira, Rebeka Ubera Aralarreko eledunak adierazi du «egindako kaltea konpontzeko modurik ez dagoen arren auzipetuei barkamena eskatu eta egindako akatsa onartu» dezakeela Espainiako Estatuak.

Juan Carlos Bengoa Hamaikabateko batzarkideak, berriz, Batzar Nagusien ekimena txalotu egin du; haren iritzian, «erakunde moduan ere» ezinbestekoa da auzia salatzea.

Epaia irakurtzen den egunean Batzar Nagusietako ordezkaritza Auzitegi Nazionalean izango dela ere onartu dute. Kasu horretan PSEk ez du alde bozkatu -PPk ere ez-.

Iruzkin 1 »

  1. […] agertu zen, Urgellen menpeko Ramon Etxezarreta ere argi mintzo izan da auziaren desegokitasunaz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek auzia artxibatzea eskatu zuten PSEko botoak alde… Kasu honetan, nor ote zen euskara “nahi ez […]

    Pingback-a by Blanca Urgell: berandu, makal eta ilun — 2010(UTC)k2010 otsailaWed, 03 Feb 2010 09:27:29 +0000UTC2 3(am) @ 9:27

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>