Pello Urzelai (Berria)
Hirugarren egunean agertu da fiskala. Egunkaria auziko epaiketaren lehen bi saioetan soilik hitz egin zuen galderarik ez zuela esateko. Auziaren zentzugabekeria irudikatzen zuen isiltasun ozena izan zen jarrera hura, epaiketaren hasieran. Jarrera horrek biziki kezkatu zituen bi akusazioak, bai AVT, bai Dignidad y Justicia elkartea. Batera agertu ziren lehen bi saioen ondoren komunikabideen aurrean, fiskalari presioa sartu eta epaigelan emandako irudi eskasa itxuratu nahian. Hala ere, ez dirudi Miguel Angel Carballo fiskalaren agerpenak zerikusirik izan duenik akusazioen prentsaurrekoarekin.
Egun preso dauden Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis eta Jose Mari Dorronsoro ETAko kide ohiak bakarrik galdekatu ditu fiskalak. Era neurtuan, bere txostenean azaldutako tesia baieztatzeko. Hau da, argi uzteko ETAk Egunkaria-ren proiektuaren inguruan jakin-minik izan bazezakeen ere, inolako esku-hartzeren frogarik ez dagoela. Horregatik, galdera pare bat besterik ez du egin. Alvarez Santacristinari galdetu dio ea ETAk interesa zuen Egunkaria-ren sorreran eta proiektuan. ETAko kide ohiak akusazioei emandako erantzuna berretsi du: soilik «interes soziala», gertakari historiko gisa, euskararen garapenarentzat pauso garrantzitsua izan zitekeelakoan. Azalpen horiekin konforme gelditu da fiskala. Ez du insistitu, Txelisen deklarazioa bat zetorrelakoan akusaziorik ez aurkezteko ildoarekin.
Akusazioen ezintasuna nabari gelditu da hirugarren saioan ere. Presoen testigantza kontrako norabidean joan zaie. Ez dute ezagutu dokumenturik, ez egilerik. Ukatu dute ETAk esku hartu zuela Egunkaria-ren proiektuan, ukatu dute ETAk interes politiko eta ekonomikoa zuela. Dignidad y Justicia elkarteko abokatuak, une batez, bere burua saltzeraino iritsi da. Alvarez Santacristinari galdetzen ari zitzaionean, lekukoak esandakoa laburbildu du ondorio gisa, eta, logikaren poderioz, nahi gabe, akusazioen tesien kontrako ondorioak atera ditu.
Beste une batean, lekuko bera bere kabuz hasi da azaltzen Egunkaria-n argitaratutako «gogoeta kritiko batzuek» (ETAren jardunarekiko) lagundu ziotela bere bilakaera pertsonalean, hau da, indarkeriatik urruntzen. Akusazioaren abokatua erreakzionatu ezinik gelditu da, egoerari buelta eman ezinik.
Egunkaria-ren kontrako polizia operazioan parte hartu zuten guardia zibil batzuek ere deklaratu dute, baina ezer interesgarririk aipatu gabe. Gainera, batzuetan agerian gelditu da balio gutxiko lekukotasunak izan direla, zehaztasun faltagatik. Kasu batean, akusazio bateko abokatu baten laguntzari esker gogoratu du zein dokumentu aurkitu zituzten miaketa batean. Beste batean, guardia zibil bat ez da gauza izan zehazteko non aurkitu zituzten ETAri egotzitako gutun batzuk. Dena den, memoria hutsunerik handiena, kasu guztietan, atxilotuei emandako tratuari buruzko galderetan izan da. Tortura salaketengatik inputatuak izan ziren batzuek ez dute gogoratzen auzi horiek zertan diren ere.