“EUSKALDUNON EGUNKARIAREN” ITXIERA BERTAN BEHERA UZTEAREN ETA HIRITAR EUSKALDUNEN ADIERAZPEN ASKATASUNA ETA INFORMAZIO ESKUBIDEA ERRESPETATZEAREN ALDEKO ADIERAZPENA.
“Europarako Konstituzioa finkatuko duen Ituna” berresteko prozesuan sarturik gara bete-betean. Itun honek, bigarren kapituluan, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna hartzen du barne, eta honela dio 11. artikuluak:
- Pertsona orok du adierazpen-askatasunerako eskubidea. Eskubide honek iritzi-askatasuna eta informazioa zein ideiak jasotzeko nahiz ezagutarazteko askatasuna ditu berekin, herri-agintariek esku sartu gabe eta mugarik kontuan hartu gabe.
- Errespetatu egiten dira komunikabideen askatasuna eta aniztasuna.
Espainiako gobernuak berak, joan den 2004ko abenduaren 13an, Memoranduma aurkeztu zuen Europako Batzordean. Memorandum honetan Europar Batasunak Espainiako hizkuntza ofizial guztiak onar zitzala eskatzen zen, baita euskara ere (gaztelaniarekin batera Euskal Herriko hizkuntza koofiziala) eta Batasuna Eratzeko Itunaren euskarazko bertsioa eman zen. Era berean, Europar Batasunean gaztelania ez diren hizkuntzak modu ofizialean onartzea eskatu zen.
Europako testuinguruan printzipio hauek zehatz-mehatz errespetatzea ezinbesteko baldintza izan beharko litzateke erkidegoaren jardunean eta adierazpen-askatasunarekin eta informazio-askatasunarekin lotutako edozein eskubide bermatu beharko litzateke. Horregatik, idatzi honen bitartez, gure kezka adierazi nahi dugu Europako erakundeen aurrean, Europako Parlamentutik hasita, Euskaldunon Egunkariaren itxieragatik.
2005eko otsailaren 20an 2 urte beteko dira euskaraz idazten zen egunkaria, “Euskaldunon Egunkaria”, itxi zenetik, Euskal Herrian euskaraz idazten zen egunkari bakarra, euskara izanik jatorrizko hizkuntza Gernikako Autonomia Estatutuaren, hau da, euskaldunen bizikidetza arautzen duen Legearen, 6. artikuluaren arabera. Halaber, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legearen 22. artikuluak “hiritar guztiei gizarteko komunikabideen eskutik informazioa euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubidea onartzen die“.
Egunkari hau ixteak zirrara eta kezka handia sorrarazi zuen, baita herriaren erantzuna ere. Europako Parlamentuko Eskakizun Batzordeak ere itxiera honen inguruko eskakizun bat egitea erabaki zuen.
Esan beharra dago Euskaldunon Egunkaria MIDAS (European Organization of Daily Newspapers in Minority and Regional Languages) europar sarearen baitan zegoela, beste hainbat eskualde-hinkuntzatan argitaratzen diren 28 egunkarirekin batera. Hona hemen horietan batzuk: Dolomiten, Tageszeitung, Primorski (Italiar Errepublika), El Periódico de Catalunya, Avui, El Punt, Diari de Balears, Segre, Regió 7, El 9 Nou, El Correo Galego, Vilaweb (Espainiako Estatua), Nyan Aland, Tidningen (Aland Irlak), Flensborg-avis, Serbske Nowiny (Alemaniako Errepublika Federala), Hufvudsatdbladet, Jakobstads Tidning, Vasabladet, Osterbottningen (Finlandia), La Quotidiana-Die Südostsweitz (Helvetiar Konfederazioa), La Voce del Popolo (Kroazia), Nordschleswiger (Danimarka), Lá (Irlandar Errepublika), HHRF (Errumaniako, Eslovakiako, Serbiako eta Ukrainako gutxiengo hungariarra); Ujszo (Eslovakiako gutxiengo hungariarra), Szabadság (Errumania). MIDAS egiteko garrantzitsua ari da betetzen gutxitu eta eskualde mailako jotzen diren hizkuntzak erabiliz idatzitako prentsa sendotzen, europar estatu ezberdinetako bitarteko ezberdinen arteko lotura profesional eta teknologikoak ezarriz.
Kasu honetan edo beste edozeinetan egin beharreko ekintza judizialen kalterik gabe, benetan azpimarratzekoa eta paradoxikoa da gaur egun, oraindik orain, egunkaria “zuhurtzia neurri” moduan itxita egotea. Zalantzarik gabe, adierazteko eta komunikatzeko oinarrizko eskubide publikoen kontra eginiko kolpe orokorra da, hau da, euskal gizarte osoaren eta, bereziki, euskal hiztunen eta, hauen artean, egunkari honen irakurle eta harpidedunen kontrako kolpea. Era berean, egunkariaren langile eta laguntzaileengan ere kaltea eragin du itxierak, baita akziodunen eskubideengan ere, eta egunkariaren eta honi loturiko enpresen hartzekodun eta hornitzaileei ere kalte ekonomikoa eragin die. Aipaturiko itxierak, hortaz, oinarrizko eskubideei eragin die.
Auziperatuei eraginiko kalteak, bestalde, aipamen berezia merezi du. Auziperatuak euskal kulturako pertsona famatuak dira, eta Euskal Herriko aukera politiko, sozial eta instituzional zabalenaren atxikimendua eta solidaritatea jaso dute.
Une honetan Europan justizia-, oparotasun-, askatasun-eta segurtasun-gune berriak ireki nahi dira, eta Europako Konstituzioaren oinarri den Itunaren testuan bertan ere argi eta garbi aipatzen dira hiritarren eskubideak. Honela bada, beharrezko jotzen dugu itxiera hau berriz ere hausnartua izan dadin eta, ondorioz, euskal hiztunen eskubideak errespetatuak izan daitezen deialdia egitea.
Europako Parlamentua
Estrasburgo, 2005ko otsailaren 22a. Sinadura:
Liberalak eta demokratak
Graham Watson (E. Batua) (ALDE Taldeko Burua)Josu Ortuondo (Euskal Herria)Ignasi Guardans (Katalunia)Lapo Pistelli (Italia)Henrik Lax (Finlandia)Jules Maaten (Herbehereak)Sarah Ludford (E. Batua)Cecilia Malmstrom (Suedia)Elspeth Attwooll (E. Batua)Giulietto Chiesa (Italia)
Europako Aliantza Librea
Jill Evans (Gales)Ian Hudghton (Eskozia)Alyn Smith (Eskozia)Tatjana Zdanoka (Letonia)Bernat Joan i Mari (Katalunia)
Berdeak
Gerard Onesta (Okzitania) (Europako Parlamentuko Presidente Ordea)Monica Frassoni (Italia)Alain Lipietz (Frantzia)Raul Romera (Katalunia)Bart Staes (Belgika)
Independentzia eta Demokrazia
Jens-Peter Bonde (Demokrazia/Independentzia Taldeko Burua) (Danimarka)
Talderik gabe
Karin Resetarits (Austria)