Euskal Herritik kanpo kataluniarrak izan dira Egunkaria-ren itxieragatik protesta gehien egin dutenak. Guardia Zibilak Egunkaria-ren kontrako operazioa egin zuen egunean bertan Herrialde Katalanetako 23 elkartek manifestu bat sinatu zuten Egunkaria-ren itxiera adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen kontrako eraso bat zela esanez. Hortik abiatuta, Egunkaria-ren aldeko kanpaina batean parte hartzeko prest leudeken guztiak batzar batera deitu zituzten otsailaren 26an, eta hortik sortu zen Plataforma per l’Egunkaria.
Ekitaldi andana antolatu ditu Herrialde Katalanetako 75 elkarte politiko, sozial, kultural eta sindikal batzen dituen plataforma horrek: protesta ekitaldiak, harreman instituzionalak, hitzaldiak, kontzentrazioak…. Baina guztien artetik bat nabarmentzen da: Sant Jordi egunean, apirilaren 23an, Egunkaria katalanez publikatu zuten. Egunkaria Endavant mantxetarekin 30.000 ale banatu zituzten.