Babesa Euskal Herriaren bihotzetik

2010, urtarrilak 23

ara.jpeg

Egunkaria-ko auzipetuek euskal gizarteko ordezkaritza zabalaren sostengua jaso dute gaur goizean Arantzazun egin den ekitaldian. Han izan dira, besteak beste, EAJ, ezker abertzalea, Aralar, EA, Ezker Batua, Hamaika Bat, Alternatiba eta AB alderdietako buruagi nagusiak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuetakoak. Halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek ere bat egin dute ekitaldiarekin. Haiekin batera, gizarte arloan, kulturan eta kirolean sona handikoak diren hainbat lagunek parte hartu dute. Absoluzioa eskatu dute guztiek.

‘Egunkaria’-ko Babes Taldearen Arantzazuko adierazpena

Auzipetuen Arantzazuko adierazpena

Euskal kulturaren eta nortasunaren muin eta bihotza delakoan Arantzazu (Oñati, Gipuzkoa) akeratu dute Egunkaria auziko auzipetuei babesa emateko. Euskal gizarteko esparru zabala ordezkatzen duten lagunak bildu dira ekitaldira, hain zuzen ere, auzipetuek gizartearen gehiengoaren babesa dutela irudikatzeko.

Auzipetuek hartu dute lehendabizi hitza, Joan Mari Torrealdaik guztien izenean. Arantzazuk Euskal Herriaren, euskal kulturaren, euskalgintzaren eta euskal senaren historian izan duen garrantzia erakusten duten hainbat gertakari errepasatuz hasi du adierazpena, hain zuzen ere, agertzeko horrexegatik aukeratu dutela Arantzazu epaiaren aurretik azkenetakoa izen daitekeen ekitaldian: euskal kulturaren eta nortasunaren bihotza delako.

Ondoren, auzipetu guztien izenean eskerrak eman dizkie Babes Taldeko kideei zein gaurko ekitaldira bildu diren beste guztiei. Baita ere Egunkaria itxi zutenetik elkartasuna adierazi duten guzti-guztiei. Nolanahi ere, Torrealdaik gogorarazi du zazpi urteko ibilbide horretan askotan jaso dutela babesa: aurrena itxiera eta atxiloketak salatzeko eta gero auzia artxiba zedin eskatzeko. Eta babesa handia eta zabala izan arren, eskaera horiei guztiei muzin egin diela Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta egun, epaiketa egiten ari dela. Orain babesa absoluzioa lortzeko galdegiten dutela azpimarratu du: “Denok dakigu datorren astekoa erabakigarria izan daitekeela kasua alde batera edo bestera bideratzeko. Gurekin behar zaituztegu, absoluzioa lortzeko, eta honekin batera, Egunkaria libre! aldarrikatzeko”.

Era berean, gaur bertan Donostiako Kursaalean beren kontrako auziaren bultzatzaile nagusietakoa den Dignidad y Justicia elkarteak Gregorio Ordoñez fundazioaren saria jasoko duela oroitarazi du. Hain justu, Torrealdairen ondoren Babes Taldearen izenean mintzatu den Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak ere ekitaldi horixe izan du gogoan: “Badira, bai, hasiera bezalako bukaera gurako luketenak auziarentzat. Gaur bertan, Donostiako Kursaalean, Egunkaria-ren aurka Auzitegi Nazionalean ari den taldeetako bat, antzerako beste hainbat ekimen judizialen bultzatzailea, omenduko dute. Ez gara, ordea, probokazioan eroriko”, esan du.

Mendigurenek agertu du nola behin baino gehiagotan piztu diren Egunkaria auzia-ren inguruan hainbat itxaropen epaiketaren aurretik artxiba zitekeenaren zantzuak agertu izan direlako. Itxaropen horiek guztiak orain arte hutsean geratu direla gogorarazi du, eta ildo horretatik ohartarazi du epai zigortzailearen aukera ez dela baztertu behar eta halakorik gertatzekotan “kontzientzia kritiko eta jarrera aktibo” sendoz erantzuteko eskatu dio gizarteari. Epai bidezko bakarra absoluzioa dela nabarmendu du.

Gizarteko ordezkaritza zabala

Arestian aipatu bezala, ehun bat lagunek inguratuta irakurri dituzte adierazpen horiek biak Torrealdaik eta Mendigurenek. Batetik, han izan dira Egunkaria auziko Babes Taldeko kideak, hots, aspalditxotik auziaren kontra hainbat ekimen bultzatu dituen politika, gizarte eta kultur arloko jende taldearena. Honakoak dira babes taldeko kideak: Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Xabier Arzalluz EAJko presidente izana, Baltasar Errazti enpresaburu eta Confebaskeko buruzagi eta EAEko Energia Klusterreko lehendakari ohia, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide LABekoa, Jesus Uzkudun CCOOko buruzagitzakoa, Koldo Gorostiaga Batsuneko europarlamentari izana, Bernardo Atxaga eta Laura Mintegi idazleak, Fermin Muguruza musikaria, Garbiñe Biurrun epailea, Juan Miguel Arregi Josulagunen Loiolako probintziaburu izandakoa, Pello Zabala frantziskotarra eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia.

Halaber han izan dira Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakari izana, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak (Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano), Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria eta Joseba Egibar Gipuzkoakoa, ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril eta Oxel Erostarbe legebiltzarkidea, EAko Koldo Amezketa Lurralde Batzordeko buruzagia eta Ikerne Badiola komunikazio burua, Mikel Arana EBko koordinatzailea, Iñaki Galdos eta Martin Beramendi Hamaika Bat-eko buruzagiak, Ander Rodriguez Alternatibakoa eta Mertxe Colina ABkoa.

Beste hainbat erakunde, sindikatu eta elkartetako kideak ere izan dira, hala nola, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Daniel Innerarity unibertsitate irakasle eta filosofoa, Lokarriko koordinatzaile Paul Rios, Eusko Ikaskuntzako lehendakari ohi Javier Retegi, Nestor Basterretxea eskulturgilea, Ramon Labaien Donostiako alkate ohia, Iñaki Perurena harri-jasotzailea, Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izandakoa, EILASeko ordezkariak, Bertsozale Elkartekoak, Udalbitzakoak (Loren Arkotxa), AEK-koak, UEUkoak…

Eta horiekin guztiekin batera, gizarte, kultura eta kirol arloetan sona handikoak diren hainbat eta hainbat lagun, besteak beste, Benito Lertxundi eta Ruper Ordorika musikariak, Maialen Lujanbio bertsolari txapelduna eta Andoni Egaña txapeldun ohia, Jesus Mari Zamora Realeko futbolari izana, Alberto Iñurrategi mendizalea, Miguel Madariaga eta Mikel Astarloza Euskaltel-Euskadikoak, Txaro Arteagak Emakundeko zuzendari ohia, eta horrela ehun lagun inguruko zerrenda luzea osatu arte.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>