‘Egunkaria’-ren irakaspenak

2010, apirilak 13

Laura Mintegi (Berria)

Espero bezala, errugabetasuna adierazi du epaitegiak eta aske utzi ditu Egunkaria-ko kazetariak. Albistea poztekoa da, dudarik gabe, baina zergatik ez dugu erabateko bozkariorik sentitzen? Zerk mingosten du berria eta gustu gazi-gozoa uzten ahosabaian?

Egunkaria-ren kontuak nagusi egin gaitu, ispilua jarri digu begi aurrean eta egiatan nor garen ikusiarazi digu. Ez gara uste genuen jende mota hori, izaki buruaskiak, beregainak. Aliziaren herrialdean bizi eta, hesirik ikusten ez genuenez, hesirik ez zegoelako ustean jarduten genuen, aske antzera.

Espainiako Poliziaren auto urdinak Hernanin 1998an eta Guardia zibilen auto berdeak Andoainen 2003an ikusi arte. Orduan ohartu ginen zein hauskorra den ‘ezer txarrik ez egiteak’ eman ziezagukeen balizko babesa. Euskararen ‘mundukoa’ izateak eta kulturgintzan baino ez aritzeak ezin gintuen babestu bidegabekeriatik. Zeren, begi bistan geratu denez, arazoa ez baita zer egiten duzun, baizik eta nor zaren.

Ohikoak ziren, eta dira, poliziaren razziak politikari zehatz batzuen kontra edo gazte kontzientziatuen aurka. Baina pentsatzen genuen politikariak ez izateak edo lan guztia agerian eta jendaurrean egiteak geruza ematen zigula, abaroa, balen aurkako jaka bailitzan nonbait.

Eta hara non egun batean esnatu ginen ikusten ezer ez dela segurua, inor ez dagoela salbu; ez dela zigortzen zerbait egin izana, baizik eta proiektu bat edukitzea, herri gisa bizirauteko imajinario bat eraikitzea. Eta orduan ohartu ginen edozer eginda ere, areago, ezertxo ere egin gabe ere, nahikoa dela unibertso berezkoa amestea babesgabe geratzeko. Bidegabekeria? Bai, noski, eta 18/98ak eman zizkigun lehen zantzuak. Kazetariak, egunkariko zuzendaritza eta euskalgintzako langileak auziperatu zituzten froga barik. Haatik. Izate hutsak susmopean jarri zituen eta kartzelan daude egun, deliturik burutu gabe. Egunkaria ixtea, estrategia beraren beste pausu bat zen. Zein izan liteke hurrengoa?

Zer ikasi franko eman digu prozesu honek guztiak. Lehena, ez gaudela gure etxean, maizter bizi garela nagusiaren etxean, gure logelan aski aske sentitu arren.

Bigarrena da antzematea nor dagoen eta nor ez dagoen nazio proiektuan. Eta nor etorri den azken unean, solidario agertzea dagoeneko arriskutsua ez denean.

Hirugarrenik ikusi dugu zerk batzen gaituen eta zerk ez. Zerk metatzen duen ezberdintasunen gainetik. Euskaraz gain, badugu beste lokarririk, zantzu identitariorik, Athleticek erakutsi zigun moduan.

Hainbat gauza irakatsi digu epaiketa honek: estatuaren nahia asezina dela, hiru botereen bereizketa ez dela existitzen eta demokraziaren oinarria, beraz, usteldurik dagoela, justizia injustua dela eta taldexka batzuez baliatzen dela bere helburua betetzeko. Ikasi dugu, finean, amaren suari eusteko aitaren etxea eraiki beharko dugula, berandu baino lehen eraiki ere.

Irakasgai asko eta soluziobide gutxi. Pozik gaude, bai, baina ez gaude lasai soluzioak topatu arte eta, bereziki, 18/98-koekin burutu den bidegabekeria bertan behera geratu arte.

Iruzkinik ez »

Oraindik ez dago iruzkinik.

Bidalketa honen iruzkinentzako RSS jarioa. | TrackBack URI

Iruzkina idatzi

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <code> <em> <i> <strike> <strong> .

; ?>