Joanmari Larrarte (EKTko kontseilari ordezkaria)
Emozioak negarretan jarri gaitu Berria-ko kide asko Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkaria-ko kideen absoluzioa erabaki duela jakin dugunean. Negarra emozioa, poza eta amorrua bat eginda ditugulako. Emozioa eta poza zazpi urte latzen ondoren, behingoz berri ona, oso ona jaso dugulako; eta amorrua atxiloketak, torturak, Egunkaria itxita, berriro zerotik abiatu beharra eta beste hainbat zorigaitz pasa behar izan ditugulako. Bai badakit, orain pozik egoteko garaia da, baina ba al dakizue zenbat sufritzea tokatu zaigun? Eta, zorionez, zazpi urteren ondoren, oraingoan, egunkariak ezin direla itxi, frogarik ez dagoela eta akusatuak zigortzeko ezer ez dagoela dio epaiak. Ez da gutxi, ikusita antzeko gainerakoetan epaia kontrakoa izan dela. Ezin ahaztu ditugu une honetan antzeko aitzakiekin itxi zituzten Egin eta Egin Irratia eta kartzelan dituzten bertako buruak, kalean eta lanean beharko luketenak.
Euskararen eta euskal kulturaren kontra jo nahi zuten, jo behar zuten, Euskal Herria ardazten duen oinarri nagusia delako gure hizkuntza, eta aurretik saiatutako AEKren kontrako erasoa Egunkaria itxi eta bertako buruak atxilotu eta torturatuz jarraitu nahi izan zuten. Eta min handia egin zuten, izugarria: atxiloketak, torturak, espetxeratzeak eta jarri beharreko berme ikaragarriak; bizitza normala egiteko ezintasun ugariak -enbargoak, pasaportea kentzea eta abar-; bidean hil ziren Martin Ugalde eta Luis Goia, absoluzioaren berri izan ez zutenak; 150 langile kalean, lanik gabe, egun batetik bestera; bizi-bizi zen proiektu sendoa oztopatuta; berriro zerotik hasi beharra euskaldunok ez bagenio uko egingo euskaraz bizitzeko eskubideari, euskarazko hedabideak izateko nahiari.
Baina, zorionez, min eta amorru hori guztia indar bihurtzen asmatu genuen beste behin, eta, horri esker, proiektu berria abiatu genuen, esku artean duzun hauxe da horren adierazgarri nagusia.
Eta hori bezain garrantzitsua dena, euskaldunok -eta gurekin batera kataluniar asko eta espainiar batzuk- zazpi urteotan izan dugun ekimena ezinbestekoa izan da epaia aldekoa izan dadin. Zazpi urteotan guztion artean sortu dugun giroa ezinbestekoa izan da Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako lehen epaia absoluzioarekin bukatzeko. Alegia, absoluzio hau guztion artean lortu dugula.
Ospa dezagun, poztu gaitezen lortutakoarekin, eta indar berritu gaitezen bigarren epaiketari aurre egiteko, bidegabekeriak amaierarik ez duenez, auzi ekonomikoa oraindik zabalik baita eta epaiketaren zain. Denon indarrez lortu behar dugu zentzurik ez duen bigarren auzia ere ezerezean gera dadin, ezin delako bestela izan.
Eta, behin hasita, euts diezaiogun gure ekimenari gainerako auzi politiko guztiek ere amaiera bera izan dezaten. Erabil dezagun indar bera, Udalbiltzaren kontrako epaia ere absoluzioa izan dadin, edo ilegalizazioak ezerezean gera daitezen. 2003ko otsailaren 22an Donostian esan genuena gogoratuz, «batera ditzagun indarrak, eta egin dezagun aurrera».