Sententziaren pasarte nagusiak

2010, apirilak 13

(Berria: 16 orrialdeko gehigarri berezia)

‘EGUNKARIA’-REN ITXIERA

— «Ez da frogatu sozietatearen kapitala edo bestelako baliabideak legez kanpo jasoak zirenik. Orobat, ez da frogatu argitalpen sozietateak edo egunkariak dirurik edo inolako aktiborik bidali edo eman zionik ETA talde terroristari».

— «Gure legediaren arabera, nekez onar daiteke eguneroko komunikabide inprimatu bat aldi baterako ixtea kautelazko neurri gisa».

– «Euskaldunon Egunkaria, garai hartako euskarazko kazeta bakarra, behin-behinean edo kautelaz ixteak ez zuen heldulekurik Konstituzioan, eta ez zegoen bestelako lege berezi edo berariazkorik horretarako biderik ematen zuenik. Bestalde, zigor kodearen 129. artikulua ez da oinarri segurua eta ez da aski horrelakorik egiteko; izan ere, kazetak ez dira, esan dugunez, beste zernahi enpresa bezalakoak».

GERTAERAK

— «Frogatutzat jotako gertaerak ez dira arau-hauste penalak».

ZANTZUEN AZTERKETA

— «Ez da zilegi aztarna bat frogatutzat ematea beste aztarna batzuetan oinarrituta; izan ere, indukzio multipleak espekulazioa dakar, arrazoizko hipotesien kopurua dela eta. Horixe gertatzen da autoan, ikusi dugunez, akusaziozko tesiarekin».

— «Euskararekin eta euskarazko kulturarekin zerikusia duen oro ETAk sustatzen eta kontrolatzen duelako ikuspegi estu eta okerrak berekin dakar datuak eta gertaerak oker interpretatzea auzibideetan, eta inputazioa funtsik gabea izatea».

— «Begi bistan dago zein ahula den akusazioaren abiapuntua. Izan ere, zigor zuzenbidearen arloan ez da aski talde kriminal batek -kasu honetan, ETAk- pertsona fisikoak edo juridikoak erabiltzea bere proiektu kriminalean; aitzitik, egiaztatu beharra dago erabilitako pertsona horiek -kasu honetan, akusatuek, egunkariaren kudetzaile eta zuzendari ziren aldetik- jakinaren gainean eta nahita lagundu ziotela talde terroristari, hark bere helburuak lor zitzan».

FROGEN BALORAZIOA

— «Gure esku jarritakoek ez dute ezer frogatzen, non eta ez diren aztertzen aurrejuzgu hutsetan oinarriturik.

— «Modu bakarra dago aztarna gisa aurkezturiko horiek ezertaz akusatzeko balio dezaten: aldez aurretik finkaturiko abiapuntutzat hartzea lotura bazegoela ETAren eta Euskaldunon Egunkaria-ren artean. Eta, hala balitz ere, ez litzateke hipotesi bakarra, ez/edo beste hipotesiak baztertzeko modukoa ere».

— «Akusazioetan, atzekoz aurrera egin dute indukzio prozesua. Lehenbizi, erabaki da zein den ondorioa, eta esan da, oinarririk gabe esan ere, ondorio hori eztabaidaezina dela; gero, seinale, zantzu eta aztarna bila hasi dira; eta, azkenik, arbuiatu egin da ondorioarekin bat ez datorren ezein esplikazio».

TORTURA

— «Epaituen deklarazioei dagokienez, nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarren eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin -ahozko saioan xehe kontatu zituzten tratu txar horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten-. Nolanahi ere, Auzitegi honek ezin du ondorio juridiko-penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu nolakoa izan zen inkomunikazio aldia».

PERITUEN TXOSTENAK

— «Txosten horiek, hain zuzen, informazioa aztertzeko -edo, esapide oker batez esanda, inteligentziako- peritu-froga izan zitezen proposatu eta onartu ziren. Baina ez dira hori izan. […] Izan ere, txosten horiek ez dute merezi izen hori, ez baitira osatu Auzitegi honi arrotz zaion inolako ezaguera tekniko-zientifiko, artistiko edo praktikotan oinarriturik».

— «Leitzarango autobiaren lehen ibilbidearen kontra zeudenak, bistan denez, ez ziren horregatik ETAkoak, eta, orobat, ez dira ETAkoak euskaraz hitz egin eta idazten dutenak, euskal kultura autoktonoa zaindu eta bultzatzen dutenak edo drogen eta torturen kontra daudenak».

— «Azterturiko dokumentu guztien inguruan egin daiteke, akusazioen aldera ahalik eta gehien lerroturiko ikuspegian oinarrituta ere, bestelako interpretazio bat, zeinaren arabera akusazioen ondorioa nahasgarria baita, eta, beraz, auzipetuen alde egin beharra dago. Eta dokumentuak defentsen ikuspegitik aztertzen baditugu, denak dira bateragarriak akusatuak errugabetzen dituzten interpretazioekin. Beraz, bide batetik zein bestetik, froga horiek ez dira nahikoa akusazioari eusteko, edo baztertu egiten dute akusazioa».

ONDORIOAK

— «Azken batean, akusazioek ez dute frogatu auzipetuek inolako harremanik dutenik ETArekin, eta horrek berekin dakar absoluzioa, aldeko erabaki guztiekin».

— «Baina, gainera, ez da egiaztatu, ez zuzenean eta ez zeharka, Euskaldunon Egunkaria-k talde terroristaren ideien alde egin izana, terrorismoaren edo terroristen aldeko artikulu bakar bat argitaratu izana, edo haren ildo editoriala alde batera makurtu izana; gainera, azken hori ez litzateke delitu izango. Aitzitik, peritu gisa aurkezturikok guardia zibilek aitortu zuten ez zela ikertu ea egunkariaren ildoa ETAren aldekoa zen ala ez, eta horrek ulertezin egiten du inputatu izana».

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>