2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 'Euskaldunon Egunkaria'. Eraso judizial hark izugarrizko lurrikara politikoa eragin zuen Euskal Herrian, eta jasotako elkartasuna eta gizartearen erantzuna ere tamaina berekoa izan zen.
Madrilen El País edo Parisen Libération edo Londresen The Guardian-en aldarria kamixetan daraman inor ikusiz gero atzeraka eragingo lidake, zer dabil egunkari baten propaganda egiten, pentsatuko nuke. Hurrengoan banku edo petrolio-enpresa batenarekin aterako da! Atzeraka, jakinda hogeita bost urteetan Euskaldunon Egunkaria-ren ez dakit zenbat elastiko diferente jantzi ditudala, egunkari batenak, harro asko jantzi ere. Hainbat aldizkari edo fanzineren aldarrikapena inoren papar edo bizkarrean ikusiz gero ez nintzateke lar asaldatuko, txikiaren, ikusgaitzaren bultzada dela badakidalako, eta gureak ere bazuelako hortik, txikiarenetik, ikusgaitzarenetik. Baina baita The Guardian, El País edo Libération bezalakoak izateko asmotik ere (ez naiz kazetaritza estiloei buruz ari, ez heldu belarri horretatik iritzi honen buruari). (more…)
1990eko abenduaren 6an argitaratu zen Euskaldunon Egunkaria-ren 1. zenbakia, Durangoko Azokak 25. aldiz ateak ireki zituen egun berean. Mende laurden bat atzera egin dute, egun hura gogoan: ekitaldia egin dute azokaren testuinguruan, urteurrena gogoratzeko. Bertan, Gaur irekiko ditu ateak dokumentala eman dute.
25 urte hauetan Egunkaria-n eta BERRIAn kontseilukide eta langile izandakoek ospakizun gisa bazkari bat egin dute gaur Zornotzan (Bizkaia), Uxarte sagardotegian. 126 lagun bildu dira. Bazkalondoren argazki bat atera zuten, eta mende laurden honetan hil diren hemeretzi kideak gogoan izan dituzte. Ikus ekitaldiko eta bazkariko argazki bilduma
32 orrialdeko gehigarri bat atera du BERRIAk. Iritzi artikuluak, erreportajeak, elkarrizketak, marrazkiak… daude, Egunkaria-ren lehen diseinuarekin. Azala da hau.
Mende laurdena beteko da gaur, Vicent [Partal], Euskaldunon Egunkaria sortu genuela, mende laurdena eguneroko egunkari nazionala egiten, ekimen handiko euskaltzale askoren laguntzari eta langileen konpromisoari esker. (more…)
Gaur 25 urte kaleratu genuen Euskaldunon Egunkaria. Durangorako. Gure kulturan bazuen orduan ere esangurarik Durangoko Azokak, besteak beste, urteko nobedadeen erakusleiho eta kultur erromesen helburu zen-eta, gaur bezalatsu. Egun bereziagorik ezin aukera zitekeen euskarazko egunkaria lehenengoz kaleratzeko. Bezperan, ahaleginak eta bi egin genituen kazeta duin, profesional, argi, moderno eta irakurgarria moldatzen… (more…)
1990eko abenduaren 6 hartako azalean Durangoko Azokak mende laurden bat bete zuela zekarren; Ipar Euskal Herriak baliabideak behar zituela; Europako herri bat independentzia lortu nahian zebilela; AEBetako militarrak berriro zebiltzala beste herrialde bateko kaleetan; auzi politiko batean gipuzkoarren bi heren erreferendumaren alde zeudela; Espainiako Estatuan azkenetan zen erakunde armatu bateko kide batek estradizio auzi bat zuela Frantziako Errepublikan; Irak-en eta AEBen arteko gerra kontuak ere bazekartzan azalean; bonba atomikoa lortzeko mehatxuak bazirela; EAJren eta PSEren arteko negoziazioak; EHUko barne arazoak; euskararen erabilera txikia hamar mila biztanletik gorako udalerrietan; eta Athletic. 25 urtera begiratuta, nobedade handirik ez, funtsean. Berritasuna kazeta bera zen: Euskaldunon Egunkaria. 1. zenbakia zuen gaur 25 urteko hura. (more…)
Urtemugen azoka da aurtengoa. Azokak berak 50 urte egin ditu, eta Euskaldunon Egunkaria sortu zela 25 urte bete dira gaurko egunez. Jakin aldizkariak urtemuga hori baliatu du zenbaki berrian gai nagusitzat jorratzeko. Xabier Eizagirrek (Zarautz, 1966) urte asko daramatza Jakin-en lanean, eta erredakzioburu da duela bi urte taldeko egitura eta aldizkariaren formatua aldatu zutenetik. (more…)
Gaur hemen izanik ere, han naiz. Ikastolan nintzen. 13 urte. Euskarazko egunkari bat sortu zela esan zigun Inaki Beitia irakasleak bertso eskolan ginela. Zerbait piztu zitzaidan barrenean. Noizbait egunkari horretan lan egitea gaizki ez legokeela pentsatu nuen. (more…)