Enekoitz Esnaola
1990eko abenduaren 6 hartako azalean Durangoko Azokak mende laurden bat bete zuela zekarren; Ipar Euskal Herriak baliabideak behar zituela; Europako herri bat independentzia lortu nahian zebilela; AEBetako militarrak berriro zebiltzala beste herrialde bateko kaleetan; auzi politiko batean gipuzkoarren bi heren erreferendumaren alde zeudela; Espainiako Estatuan azkenetan zen erakunde armatu bateko kide batek estradizio auzi bat zuela Frantziako Errepublikan; Irak-en eta AEBen arteko gerra kontuak ere bazekartzan azalean; bonba atomikoa lortzeko mehatxuak bazirela; EAJren eta PSEren arteko negoziazioak; EHUko barne arazoak; euskararen erabilera txikia hamar mila biztanletik gorako udalerrietan; eta Athletic. 25 urtera begiratuta, nobedade handirik ez, funtsean. Berritasuna kazeta bera zen: Euskaldunon Egunkaria. 1. zenbakia zuen gaur 25 urteko hura. “Agur t’erdi”, zioen azalean, ohar bateko izenburuan. Egunkaria-ren 11 oinarri fundazionalak: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, erakunde politikoekiko independentea, erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala, diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.
Bai, estatuak 2003an itxi egin zuen. Baina garrantzitsuena da Euskal Herriak sortu egin zuela, 1990ean. Eta hor segitzen duela etxe horrek, proiektu horrek. Berria zen 11. oinarria; bisioa izatea deitzen zaio hori…