Pello Urzelai (Berria)
Ukatu egiten dute, baina egon badago. Sistematikoa da ukapena. Atxiloaldian, ez dago galdeketarik, ez dago tratu txarrik. Hori esaten dute behin eta berriro poliziek auzitegietan inkomunikazio orduei buruz galdetzen zaienean. Horrela egin zuten Egunkaria auziko epaiketan, atxilotuak Madrilera eraman zituztenetik ofiziozko abokatuarekin deklarazioa egin arte iragan ziren 60 orduei buruz galdetu zietenean. Egunkaria auziko epaian jasota daude kontrol judizialik eza eta tortura testigantzen sinesgarritasuna. Guardia Zibilaren dokumentuek –Berria-k asteartean kaleratutakoek– erakusten dute Egunkaria auzian agerian utzitako legez kanpoko praktikak ez direla salbuespena, baizik eta praktika orokorrak direla. Guardia Zibilaren paper horiek ez dira agente baten apunteak, baizik eta protokolo bat, atxilotuekin jarduteko irizpideak zehazten dituena. Ukatu egiten dute, baina agiri horiek agerian utzi dute legez kanpoko galdeketak antolatzen direla, eta atxilotuei ematen zaien tratua inkulpazioak lortzeko bideratzen dela.