Jose Luis Ramirez Bartzelonako zigor epaitegiko epailea (Malaga, Espainia, 1972), JpD Demokraziarako Epaileak epaile progresisten elkarteko bozeramailea da, eta Berria-k hari egin dion elkarrizketan Egunkaria auziaz jardun dute, besteak beste.
Herri akusazioen jarduna mugatu beharko litzateke?
Eztabaida hori gertakari jakin batengatik sortu da (Garzonen auzipetzea). Soilik eskuin muturreko elkarte batek salatu duelako ezin da ezbaian jarri herri akusazioen egitekoa. Ingurumenaren aurkako erasoak edo nazioarteko krimenak epaitzeko orduan egin duten lana datorkit burura. Fiskaltzaren akusaziorik gabe aurrera egin dute gisa horretako hainbat auzik. Herri akusazioaren jarduna mugatu nahi badugu, horrek dakartzan ondorio guztiak aztertu behar ditugu, eta hori Parlamentuan egin beharko litzateke, giro lasai batean. Ez dira erabakiak hartu behar gertakari jakin batzuengatik.
‘Egunkaria auziko’ sententzian ohikoak ez diren zenbait gaitan sartu da Gomez Bermudez epailea: tortura testigantzei sinesgarritasuna eman die, Guardia Zibilaren txosten batzuen balioa zalantzan jarri du… Espainiako Auzitegi Nazionalaren lan egiteko moduari buruzko kritika moduan har daiteke sententzia?
Balio handiko sententzia da, eta ezbaian dagoen Auzitegi Nazional horretan eman izanak balio erantsia ematen dio. Izan ere, prozesua nola tramitatu den aztertzen du sententziak, eta instrukzio fasean egin diren hutsak uzten ditu agerian. Oso garrantzitsua da gai hori, Espainiako zigor prozedurak daukan arazorik handienetakoa delako. Instrukzio faseak oso luzeak dira eta hori ez da epailearen arazo bat, lege arazo bat baizik, lege horiek gehiegizko boterea ematen diotelako instrukzio epaileari. Epaileak ez du maltzurkeriaz edo interesagatik luzatzen instrukzio fasea, baina gerta liteke erabaki batzuk beroan hartzea eta horrek eragina izatea instrukzioaren tramitazioan.
Adibidez?
Egunkaria auzian instrukzio epaileak behin-behinean itxi zuen kazeta, kontua hartu gabe horrek adierazpen askatasunerako eskubidea mugatuko zuela. Gainera, garai horretan euskaraz idatzitako egunkari bakarra zen, eta erabaki horrek euskal herritarren hizkuntz eskubideei egiten zien kalte. Sententzia horrek agerian uzten du instrukzio epaileek duten gehiegizko boterea. Instrukzio epaileei muga batzuk ezarri behar zaizkie jurisdikzioa aplikatzeko orduan.