Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarko, Ezker Batuko eta Alternatibako ordezkariek, alegia talde mistoak, erdi bideko zuzenketa egin dio bere garaian Aralarrek berak Egunkaria auziari buruz aurkeztutako ebazpenari. Fiskal nagusiari atxilotuek salatu dituzten tratu txarrak eta torturak ikertzeko eskatzea proposatu diete Gipuzkoako Batzar Nagusiei, auziaren epaiak «oso sinesgarritzat» jo dituelako.
Gisa berean, auzi horretako instrukzio epaile Juan del Olmori espediente bat irekitzeko ahalak egitearen alde agertu dira. Haien ustez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ikertu beharko luke diziplina edo zigor arloko erantzukizunik izan ote duen.
Auzipetuen absoluzioarekin poztu diren arren, hiru alderdiek ezinbestekotzat jo dute izan dituzten kalte moral eta ekonomikoak ahal den neurrian ordaintzea.