Egunkaria auzia izan du hizpide Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzaleak Europako Parlamentuan. Adierazpen askatasunaren inguruko eztabaida izan zuten atzo osoko bilkuran. Eta, gai hori hizpide hartuta, «jarrera aktiboagoa» izateko eskatu dio Bilbaok Europako Parlamentuari. Gogora ekarri du Europan adierazpen askatasunaren aurka egin den eskubide urraketa argiena Euskadunon Egunkaria ixtea izan dela eta Europako Parlamentuak ez duela oraindik inolako adierazpenik egin horretaz.
2003an egunkari bat «legez kanpo» itxi zutela esan zuen Bilbaok, «Espainiako Konstituzioaren arauak berak ere urratuz eta gutxiengoan dagoen talde linguistiko eta kulturala jazarriz». Horrelakorik berriro gerta ez dadin, jarrera aktiboagoa izateko eskatu zion Bilbaok Europako Parlamentuari.