Txema Auzmendik esperientzia berri bati ekingo dio laster. Egunkaria auziko kasu nagusia bukatuta (Auzmendi zen bost auzipetuetako bat, eta denei absoluzioa eman zien Espainiako Auzitegi Nazionalak joan den apirilean), Kuba izango da kazetari eta jesuita haren hurrengo pausalekua. “Kristau komunitatea zabaldu, haiekin eukaristia ospatu eta —askatasuna baldin badugu— bakoitzaren gorabeherak konpartitu, horixe nahi nuke burutu”, dio Auzmendik Kubako egonaldiaz, Euskonews webgunean egin dioten elkarrizketan.
‘Egunkaria’-ko auzi ekonomikoa zabalik dago, ordea, eta hor auzipetuta dago Auzmendi, beste zazpi lagunekin batera.
Auzitegi Nazionalak auzi ekonomikoa Donostiako epaitegira igortzea erabaki zuen pasa den maiatzean. Akusazioen txostenak aurkeztuta daude, baita defentsarenak ere. Proposatutako frogetatik zein onartzen dituen erabaki ostean, epaiketarako eguna jarri eta epaiketa hastea izango litzateke hurrengo urratsa, prozedura laburtuaren barruan. Auzia Gipuzkoako auzitegien esku gelditzean, fiskala ere aldatu egingo da, dagokion auzitegiko fiskalak hartuko baitu.
Aipatutako ekarrizketa horretan, etorkizunari begira dituen asmo eta itxaropenez aritzeaz gain, bere ibilbide pertsonal zein profesionalari gainbegiratua eman dio Auzmendik.