Beñat Gaztelumendi (Berria)
Eskuburdinarik gabe hitz egiten du Joan Mari Torrealdaik. Hitz bakoitzarekin mugitzen ditu alde batera eta bestera eskumuturrak. 2003ko egun triste haietan ez bezala, ez dago bere luma lotuko duenik. Baina Euskal Kulturgintzaren Transmisioko graduondoko adituak, arituak eta harituak harrituta geratu ginen bere hitzekin. Gehienok espero genuen Egunkaria auziak izan duen bilakaerarekin gustura izango zela. «Irabazi dugu» esango zigula. Baina irabazi hitzaren ordez beldurra hitza erabili zuen. Beldurra badakielako zer den Guardia Zibilari transmititu zaiona. Beldurra gure artean elkartu eta sarea ehuntzea hainbeste kostatzen zaigunok susmagarrien talde berean gaudelako txosten polizialetan. Eta batez ere beldurra aurreiritziak fruituen lizuna bezala zabaltzen direlako euskararen inguruan.
Egunkaria itxi zuten garaiko esanak bilduta agertu zen Joan Mari Torrealdai klasera. Gaur egun hizkuntza identitate baten parte moduan saltzea atzerakoia omen da. Euskarak gizartea bereizteko baino ez omen du balio. Euskarak ez omen du komunikatzeko balio. Euskarazko kulturgintza diru-laguntzetatik bizi omen da. Ez omen dauka kalitaterik. Eta, oro har, euskararena ez omen da mundu erakargarria. Pentsa, jendea behartu egiten dugu euskaraz ikas dezan, lanetik bidaltzeko mehatxu eginez.
Baina, ez dut uste ideia horiek polizia-etxeetan sortu direnik. Asmatu al dugu euskarari buruzko mezu positiboak osatzen? Zenbat aldiz joan izan gara euskarazko emanaldi batera militantzia hutsagatik? Zenbat aldiz saiatu gara identitatea zer den ez dakiten haurrak euskaraz hitz egitera bultzatzen, Euskal Herrian beti hala egin dela argudiatuta? Zergatik oraindik ere koadrila batean hiru euskal hiztun erdaraz hasten dira hizketan laugarrenak euskaraz ez dakielako? Eta gu gure konplexuei bueltaka ari garen bitartean, urtero ehunka lagunek mundutxo bat deskubritzen dute euskaltegiko arbelaren atzean. Urtero milaka lagun hunkitzen dira euskarazko liburu bat irakurtzen. Urtero milaka lagunek maitatzen dute elkar euskara hutsez. Urtero milaka lagunek madarikatzen dute behar ez den maniobraren bat egin duen gidaria, bere autoa eta bere aurreko hamar belaunaldiak euskara hutsez. Hizkuntza bat, kultura bat hori bezain sinplea baita. Identitatea ez delako azal dotoreko hitz bat soilik; eguneroko ekintza sorta batean mamitzen da.
Madrildik eta Paristik etor daitezela nahi duten polizia guztiak. Baina ez gaitezen behintzat gu izan euskarari eskuburdinak jarriko dizkiona.