(Joan Mari Torrealdai, ‘Jakin’, 182. zenbakia)
Ohikoa da urtea igaro denean errepasoa egitea. Halaxe egin da berrikitan 2010 urteari buruz. Errepaso edo balantze gisako horietako gehientxoenak irakurri ditut, euskal kulturari dagokionean.
Huts bat nabaritu dut: Euskaldunon Egunkaria auziko epaia gutxitan aipatzen da eta gutxiagotan azpimarratu. Iruditu zait ez dugula behar den arretaz irakurri. Nire ustetan garrantzi handia du, azken aldion tribunaletan ohikoa zen jokamoldea hautsi zuelako bakarrik ez, baizik eta, batez ere, judizialki eraiki nahi zen tesi polizialari bidea moztu ziolako.
2002. urtean Guardia Zibilak idatzi zuen txosten batek bitan banatzen zuen euskalgintza: ona eta gaiztoa, instituzionala eta terrorista. Gure atxiloketen eta Egunkaria-ren epaiketaren oinarria txosten hori izan da: euskalgintza gaiztoa ginen.
Euskalgintza jatorrak bere iturburua espainiar Konstituzioan du eta goitik behera Estatutuetaraino hedatzen da, gobernuz gobernu. Erakunde ofizial horiena da euskara eta kultura babestu eta sustatzeko legitimotasuna.
Horietaz kanpo ari den euskalgintza, herritarra, ETAk beretzat esklusiboki hartzen duena da azken berrogei urtetik gora. Kolpe batez gizarte zibilari, euskalgintza sozialari legitimitatea ukatu egiten dio tesi horrek, ez soilki hor aritzea susmagarri baizik eta delitugai bihurtuz.
Indar polizialek tesi hori bide-orritzat hartuta abiatu ziren Egunkaria-ren aurka. Baina kasu, tesi hori ez da Egunkaria jotzeko prestatua, euskalgintza sozial guztia baizik, euskal kulturako enpresak bezala elkarte eta pertsonak. Gutako inor ez da euskalgintzan ari baizik eta ETAren alde euskarapean mozorroturik. Diodan hori (esan dezadan parentesi artean) ez pentsa gero teorikoa denik, kontrara baizik: epaiketako orduan salakuntza esplizitu zein inplizitua hor izan da beti. Tesi horren indar espantsiboak euskalgintza soziala oso-osorik ETAren baitako bihurtzen du.
Tesiaren nobedadea ez da teorikoa, egia esan, Garzonek formulaturikoaren egokitzapen bat baizik. Aurrena komandoetatik alderdi edo elkarte politikoetara lerratu zen tesia (ilegalizazioak), gero elkarte edo talde sozialetara (18/98 epaiketa), eta orain urrats bat gehiago nahi zuen Guardia Zibilak, euskalgintzara luzatu tesia: euskalgintza soziala ETA da. Jauzi kualitatibotzat hartu genuen guk, ez urrats soil gisa. Horren ondorioak neurtezinak eta konponezinak izan baitaitezke (edo zitezkeen?). Egunkaria itxi zutenean lortu zen beste berri bat kaleratzea, baina pentsaezina da gauza bera egin daitekeenik argitaletxe, aldizkari, elkarte eta talde guztiekin.
Gure akusazioko testuak ezagutu eta Guardia Zibilak aipaturiko tesi hori bideorritzat zeukala ikusi genuenean, alarma argiak piztu zitzaizkigun, eta euskalgintzari horren berri ematen saiatu ginen. Iruzurgiletzat hartu gintuzten batzuek (gutxi batzuek, zorionez). Salatu egin ziguten, berriz ere nolabait, geure probetxu pertsonalerako euskara baliatzen ari ginela, gizartea gure alde aktibatzeko euskara erabili egiten genuela. Eta ez zela euskalgintza epaiketan jokoan edo auzitan zegoena, Egunkaria soil-soilik baizik.
Epaiketarako bidean geunden orduan. Gaur fase hori amaitu da (bigarren epaiketaren atarian bagaude ere). Amaitu da, eta zori onez. Epaia hor dago. Eta ikusi epaia! Epaiak, bistan da, auzipetuok absolbitzen gaitu. Baina gure absoluziotik harago doa, Egunkaria auzitik harago doa. Sekulako egurra ematen die Guardia Zibilaren inbestigazioari, Juan del Olmoren instrukzioari, eta AVT edo Dignidad y Justiciaren akusazioei, sekulako deskalifikazioa.
Ondorioetan luze delakoan, komeni da epaiaren zertzelada bat edo beste gogoratzea. Bazter uzten ditut bazterrean uztekoak ez diren Egunkaria ixtearen berme konstituzionalik eza, edo torturen sinesgarritasuna, esaterako. Bi puntu soilik nabarmenduko ditut orain hemen, bata metodologikoa eta bestea muin-muinekoa, aipatzen ari naizen puntuari dagokiona hain zuzen.
Bat: akusazioez ari da halabeharrez tribunala, baina prozesu osoari dagokio jardunmolde metodologiko bera:
Las acusaciones han invertido el proceso inductivo. Primero se ha decidido cuál es la conclusión, de la que se predica, sin base, que es indiscutible, luego se buscan las señales, vestigios o indicios y, por último se rechaza cualquier sentido o explicación de estos que no apoye la conclusión.
Hipotesien ordez tesia zela abiapuntua —Guardia Zibilaren txosteneko doktrina apriorizkoa— salatu genuen guk behin eta berriz. Tribunalaren salakuntza are zorrotzagoa da.
Eta bi: akats nagusia, hala ere, metodologiaren aurretikoa da: euskara indarkeriarekin lotzeko aurrejuzgua. Epaiak espresuki aipatzen eta gaitzesten du hori. Izan ere, akusazioetan barra-barra agertzen den ikuspegi maltzur hori, aurretik instrukzioan dago nonahi eta batez ere bien iturburu den Guardia Zibilaren 2002ko txostenean, tesi itxuran. Hona tribunalaren epaia:
La estrecha y errónea visión según la cual todo lo que tenga que ver con el euskera y la cultura en esa lengua tiene que estar fomentado y/o controlado por E.T.A. conduce, en el proceso penal, a una errónea valoración de datos y hechos y a la inconsistencia de la imputación.
Aldez aurretik suposaturik badago euskalgintza herritar guztia nola edo hala ETAren esku dagoela, gero ez dago lan handirik argumentu bila edozein herri-ekintza euskaltzale terrorismoarekin loturik dagoela probatzeko.
Guardia Zibilak bide-orri izan zekion eraiki zuen tesi hori ez zuen ezerezetik asmatu eta ez zegoen iritzi publiko espainolaren laguntzarik gabe. Aznarren garaiko urte haietako literatura irakurri besterik ez dago, eta Euskal Herrian eta gure herritik kanpo euskalgintzaren aurka, normalizazio linguistikoaren aurka, hizkuntz politikaren aurka, hezkuntza politikaren aurka esan zirenak gogoratu eta analizatu. Zer ez zen esan, idatzi (eta egin), behin eta berriro, sistematikoki, ikastolen aurka, AEKren aurka, Euskara Biziberritzeko Planaren aurka, esaterako. Euskararen mundua deskribatzeko jarri ohi ziren hitz erabilienen artean daude: hutsala, puztua, manipulazioa, terrorismoa, subentzioa, indarkeria, iluna, zikina, iruzurra, diskriminazioa, abertzaleen monopolioa… Literatura hori, «estrecha y errónea visión» hori azaltzen duen literatura, sistematikoki bildu eta aldizkari honen orrietan aurkeztu nuen bere sasoian (ikus Hizkuntz politikaren auzia, Jakin 123/124, 2001, 11-164).
Euskararekiko ikuspegi politikoki interesatu hori Egunkaria auziko epaiaren ondotik zuzendu ote da? Ez dakit. Burua lehengo lepotik dutela esango nuke. Epaiketarik, absoluziorik eta epairik izan ez bailitzan jarraitzen dute askok, Egunkaria ETArekin lotuz eta euskara indarkeriarekin, liburu eta komunikabideetan.
Topikoak bizitza luzea omen du. Egiak baino luzeagoa, ikusten denez.
Egunkaria-ren epaiak zer irakatsi asko duelakoan nago, errealitatea ispiluan islaturik bezala agertzen baita bertan.
Eta amaitzeko, hitz erdi bat. Iruditzen zait Gomez Bermudez epaimahaiko buruak Patxi Lopez lehendakariari ere «estrecha y errónea visión» dioen txarteltxo gorria aterako liokeela Aholku Batzordean jaulkitako hitzengatik. (Zeinek idazten dizkio horrelako testuak lehendakariari, erreferentzia makur horiekin behin eta berriro?). Mingarria gertatzen da EAEko lehendakariak euskara eta indarkeria horrela lotuta ematea eta are tamalgarriagoa Aholku Batzordeko presidente gisa egitea hori, sorrera-bileran gainera. Oraingo hitzek oihartzun egiten zioten hauteskunde kanpainako testu programatikoari, «Euskara askatasunez» hari. Bertan aditzera ematen zenez, euskararen mundua ez zen demokratikoa, ez anitza eta integratzailea ez eta indarkeriarekin kritikoa. Horregatik errebindikatzen zuen «Euskara askatasunez». Geroztik, ordea, Egunkaria auziko epaia gertatu da, eta Patxi Lopez ez da hautagaia baizik eta guztion lehendakaria, euskaltzaleona ere bai. Gomez Bermudezek salatu zuen ikuspegi estu eta oker hori aldatzeko ordua delakoan nago.¶