Xabier Gantzarain
Halaxe jartzen du, ohitu egin gara, erabili egiten dugu: Egunkaria-ren urtebetetzeko festa ospatu zen Anoetan, 2001eko abenduaren 6an idatzi zen lehen artikulua euskarazko Wikipedian. Baina festak jendeak ospatzen ditu, komunitate batek, hartarako motiboak dauzkanak, eta Wikipediako artikuluak ez dira bere kasa idazten, jendeak idazten ditu. Zenbat hagin, hizkuntza bati hezurdura ematen saiatzeko, zenbat hezur, herri batek hortzak erakutsi ditzan.
Irudia iluna da, eta ez ditut aurpegiak nabarmentzen. Azpian argazki-oina dauka: Egunkaria Sortzen taldearen bilera, 1990eko udaberrian. Eta beherago: Egunkaria Sortzen taldeko 75 kideak. Eta gero izenak. Proba egin dut: zutabe osoa soilik izenei eskainita ere, ez dira kabitzen. Eta bakoitzak merezi du, gutxien-gutxienez, zutabe oso bat.
Horrekin nabil aspaldian, sano korapilatuta: zenbat jende, zenbat hagin, zenbat hezur. Zenbat jende behar da hiztunari behar duen guztia eskain diezaion hizkuntzak? Zenbat hiztun behar dira hizkuntzak behar duen guztia eskain dezaten? Eta jende horrek guztiak izena du, izana da, beretik eman du, kontzientziarekin ala gabe, isil-isilik, berea eman du.
Zenbat jende behar da egunero mundua martxan jartzeko?