Inma

2012, otsailak 20

Pello Zubiria (‘Argia’)

Gaur goizean ere zutaz oroitu naiz egunsentiko kafearen eskean nindoala birigarroa kantan ari zitzaigunean haltz haren goiko adarretik. Entzun behar zenuen. Otsailaren 20a, Inma, ez geunden ederki orduotan Madrilgo leizeren batean duela bederatzi urte. Hartaz oroitzen zen zuen ama Gloria duela bi hilabete, Gabon bezpera, Orereta-Errenteriako beilatokian esan zidanean: “¿Y lo vuestro va a quedar así?”. Ziurrenik gaixoari esango nion ez emateko buelta gehiago, egunen batean argituko direla gauzak. Ez seguru nagoelako. Askorena da “lo vuestro”. Desdeluego Eusko Jaurlaritzak polizien balizko desmasiak ikertzeko izendatu duen epailea ez da garaiz iritsi zure edo Luis Goiaren lekukotasunak jasotzeko. Niri galdetzen badit, beldur naiz nahi baino argibide gutxiago eman ahal izango diodala. Gero jakin nuen nik zelda haluzinogeno hartatik arnasestuka entzuten nuen ustezko agurea ez zela hain zaharra, Goia zela, libre atera eta laster zapartatu zitzaion bihotza. Iñaki Uria bai entzun nuen, mila urte barru ere ezagutuko nuke haren ahotsaren auhen mindua. Eta entzun zintudan zu, Inma, konpresa bat eskatzen, dios, honetaz ere idatzi egin behar al da, behar zenuela, eta gorila izateko entrenatutako gizaki haien mespretxua. Minarekin umiliazioa protokoloan. Atzo, otsailak 19, telepatiak lotuko bagintu bezala idatzi zuen Manuel Vicentek El Pais-en: “Bajo cualquier dictadura (…) En los sótanos de la brigada política se practica una psicología burda o refinada según la catadura moral del torturador. Si el preso es un rebelde peligroso, el sistema tiene varios métodos para bajarle los humos. La más limpia y humillante forma de tortura consiste en interrogarlo bajo potentes focos completamente desnudo”. Ez naiz ari Vicentez gaizki esaka, Urruñako etxean eduki behar duzue nik aspaldi bidalita haren Predio antologikoa. Espainiar aurreratuenek ondo dakite nola funtzionatzen duten diktadurek munduan zehar eta iritziak ematen dituzte haien etxean horrelakorik ez bailitzan. Beren ordenak ordenatua segi dezan ontzat ematen dute gu bezalako susmagarriak hezitzeko, zer esanik ez gu baino gazteago gaiztoagoak, demokraziak diktadurari alokatzea oinarrizko zerbitzu batzuk. Hori esan behar diot epaile ikerleari, deitzen didanean, oraindik ez dela Espainian amaren semerik jaio goardia zibilak arrastoan sartuko dituenik.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>