Xabin Makazaga (‘Berria’-ko kazetaria)
Oso aspaldikotzat ageri dira gure memorian euskaldunok goizero euskarazko berripaperik gabe gosaltzen genuen garai haiek. Hogei urte baino gehiago igaro dira, izan ere, Euskaldunon Egunkaria sortu zenetik. Gaur, ordea, sorrera beharrean, egunkariaren itxiera gogoratzeko eguna da. Atzo bete baitziren bederatzi urte Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, egunkariko arduradun eta sustatzaile nagusiak atxilotu eta egunkariaren egoitzak itxi zituenetik. Ezaguna da atxiloketa, tortura, irain, protesta, elkartasun, manifestazio eta epaiketen kronika. Ezaguna, Egunkaria-ren lekukoa Egunero-k hartu zuela aurrena, eta Berria-k gero. Denboraren joanarekin, ordea, gero eta beharrezkoagoa da memoria lantzea. Absoluzioak lasaitua ekarri baitzuen auzipetuen ingurura; inola ere ez kito egite bat. Eta, kaltea egin zutenei Justiziak konturik eskatuko ez dien arren, ezin dugu ahaztu duela ez horrenbeste zer gertatu zen. Bestela, normaltasunez mozorrotutako egunak ohiko bihurtuko dira gure egunerokoan.