Gregorio Peces Barba (Espainia, 1938) hil da gaur Oviedon (Espainia), gaixotasun baten ondorioz. Hilaren 16tik erietxe batean zegoen. Espainiako 1978ko Konstituzioaren egileetakoa izan zen, baita Kongresuko presidentea ere 1982-1986 artean. PSOEkoa zen. 1989-2007an Madrilgo Carlos III.a unibertsitateko errektore gisa ere aritu zen, eta garai hartan Carmen Lamarca zuzenbide irakasleari debekatu egin zion Egunkaria auzian Joan Mari Torrealdai auzipetuaren abokatu izatea.
Abokatu gisa hainbat kasu praktiko hartzeko aukera dute Carlos III.a unibertsitateko irakasleek, unibertsitatearen baimenarekin. Lamarcak 2003an Egunkaria auziko defentsa lana hartu zuen, Carlos III.eko Bulego Juridikoaren baiezkoarekin, baina Peces Barba errektorea Espainiako Gobernuak "terrorismoaren" biktimen goi komisionatu izendatu eta gutxira kendu egin zioten baimena.
Hain zuzen, 2004ko abenduan izendatu zuten goi komisionatu Peces Barba, eta hilabetera Egunkaria auziari buruzko xehetasunak eskatu zizkion unibertsitateko Batzorde Juridikoak Lamarcari. 2005eko otsailean jakinarazi zioten baimena kendu ziotela; "helburu terroristekin egindako delituetan inputatuak" defenditzea unibertsitatearen "interesen aurkakoa" izan zitekeela eta "irudiari kalte egin" ziezaiokeela argudiatu zuten, eta, defentsan segituko balu, espedientea irekitzeko eta funtzionario postua galtzeko arriskua lukeela ohartarazi zioten.
Madrilgo auzitegiak arrazoia eman zion Lamarcari
Lamarcak auzitegira jo zuen, eta Madrilgo administrazioarekiko auzietako 16. epaitegiak arrazoia eman eta Egunkaria auzian Torrealdai defenditzeko eskubidea onartu zion 2005eko azaroan. Hala, auzitegiak bertan behera utzi zuen Carlos III.a unibertsitatearen debekua. Autoak zioen abokatu batek bezeroa defendatzeko duen eskubidea Espainiako Abokatuen Estatutu Orokorreko 1. artikuluan ageri dela.
Auzia ordurako aurrera zihoala-eta babes juridikorik gabe ez geratzeko, Torrealdaik abokatua aldatu zuen; Felix Cañadak defenditu zuen epaiketan.
2010ean, 'Egunkaria'-ren absoluzioa
Espainiako Auzitegi Nazionalak 2010eko apirilaren 12an absolbitu egin zituen Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, ETArekin loturarik ez zutela izan argudiatuta. 2003ko otsailaren 20an itxi zuten Egunkaria, Juan del Olmo epailearen aginduz.