Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu duela ebatzi du, torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik; 24.000 euroko ordainsaria ordaindu beharko dio Otamendiri. Egunkaria-ko zuzendari ohiak 2008an jo zuen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira argudio horiekin, eta ontzat eman ditu Estrasburgok gaur. Europak horrelako kasuetan gaur arte bi aldiz eman du epaia salaketa aurkeztutakoaren alde Euskal Herriari dagokionez: 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde. Bi epai horiek izan ditu oinarri Iñigo Iruin abokatuak Otamendiren auzian. Bideoa: Otamendiren adierazpenak, epaiaren berri izan ostean.
Europako Giza Eskubideeen Auzitegiak Espainia kondenatu du Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiaren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu. Giza Eskubideen Konbentzioaren 3. artikulua urratu duela dio ebazpenak. Otamendiren argudioak ontzat eman ditu Auzitegiak, eta torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik zigortu du Espainia. 24.000 euroko ordainsaria ematera zigortu du: 20.000 kalteengatik eta 4.000 auziaren kostuengatik.
Ebazpena “albiste ona” dela esan du Otamendik horren berri jakin bezain laster. Eskerrak eman ditu Berria TBn egindako adierazpenetan, baina gogoratu du ez zela bera izan Egunkaria auzian torturatu zuten atxilotu bakarra. Horrez gain, gaur arratsaldean 19:30ean Martin Ugalde kultur parkean egingo den ekitaldi irekira etortzera dei egin du; Iñigo Iruin abokatuak azalpen teknikoak emango ditu, eta Otamendik jasotako babesa eskertuko du pertsonalki.
Espainian, bide guztiak agortuta
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur jakinarazi du Espainiako Justiziak Martxelo Otamendik Egunkaria auzian egindako tortura salaketak ez zituela eraginkortasunez ikertu. Otamendi BERRIAko zuzendari eta Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohiak 2008an jo zuen Estrasburgora argudio horrekin, Espainiako auzitegietako bide guztiak agortu ondoren.
2003an Egunkaria-ren kontrako operazioan Guardia Zibilaren esku atxilotuta egon zenean jasandako torturak eraginkortasunez ez ikertzeagatik eta ikertzeko bitartekorik ez jartzeagatik sartu zuen parte Espainiaren kontra. Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren 3. artikulua urratu izana egotzi zion, eta artikulu hori urratzea leporatu diote Espainiari epaileek.
Bi aurrekari
Europak horrelako ‘euskal’ kasuetan gaur arte bi aldiz eman du epaia salaketa aurkeztutakoaren alde: 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde. Otamendirena da hirugarrena. Beristainen kasuan, epaiaren arabera, arestian aipatutako artikulua urratu zuen Espainiak, eta kalte moralengatik hari 20.000 euro ordaintzeko agindu zion Europak. San Argimiroren kasuan, Espainiak 23.000 euro ordaindu beharko zizkion hari, arrazoi beragatik.
Otamendiren abokatu Iñigo Iruinek bi epaiok izan ditu oinarri Europara jo eta salaketa argudiatzeko.
TAT Torturaren Aurkako Taldeak BERRIAri esan dionez, Europaren aldeko epai horiengatik Espainiako Estatuan egoera ez da askorik aldatu; tortura salaketak “gehixeago” ikertu izan dira, “edo, behintzat, ez dira berehala artxibatu”.
Tortura kasuetan, Estrasburgoko auzitegiak dioenez, estatuak behartuta daude ikerketa ofizial eraginkorra egitera. Otamendik auzi medikuaren aurrean, Juan del Olmo epaile instruktorearen aurrean, Madrilgo epaitegian eta Tolosako epaitegian salatu zuen torturak jaso izana. Madrilgo Lurralde Auzitegiak, ordea, artxibatu egin zuen auzia, eta ondoren jarritako babes helegitea ez tramitatzea erabaki zuen Auzitegi Konstituzionalak ―2008ko martxoan―. Otamendik 2008ko irailean jo zuen Europara.
Auzitegi Nazionalaren ‘Egunkaria’-ko epaiko pasarte adierazgarriak
Iazko irailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak jakinarazi zuen kontuan hartu zuela Egunkaria auziko absoluzio epaian (2010-04-12) torturen inguruan jasotakoa. Hain justu, Javier Gomez Bermudezek, Ramon Saez Valcarcelek eta Manuela Fernandezek osatutako epaimahaiaren epaiaren arabera, auzipetuak atxilotuta eta inkomunikatuta egon ziren aldian, instrukzio epaileak ez zuen egin “baldintzen kontrol judizial nahikorik, ezta eraginkorrik ere”.
Era berean, auziko epaimahaiak sinesgarritasuna eman zien auzipetuen tortura testigantzei (ikus egunkaria.info-n Testigantzak: torturak…): “Epaituen deklarazioei dagokienez, nabarmentzekoa da inkomunikazio aldian jasaniko tratu txarrei eta torturei buruz epaituek eginiko salaketak bat datozela auzitegiko medikuek atxilotze zentroetan haiek aztertu eta gero eginiko txostenekin —ahozko saioan xehe kontatu zituzten horiek, eta, hori baino lehenago, instruktorearen aurrean ere bai, eta epaitegietan salatu zituzten—. Halere, auzitegi honek ezin du ondorio juridiko penalik izango duen konklusiorik egin horretaz, baina egiaztatu du ez zela nahikoa eta behar bezala kontrolatu judizialki nolakoa izan zen inkomunikazio aldia”.
Kronologia. Otamendiren tortura salaketa
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena (frantsesez dago)
Otamendiren tortura testigantza (2003-02-28, Egunero)
Otamendiren adierazpenak, epaileak bermepean libre utzi ondoren (2003-02-25)
Espainiako hedabide batzuetan ‘Egunkaria auziaz’ eta tortura salaketez esandako batzuk (gazteleraz dago)