Gurutze Eizagirre (Berria)
Lasa eta Zabala desagertu zirela 29 urte bete diren egun berean, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak esan du Espainiako auzitegiek ez zutela behar bezala ikertu Martxelo Otamendiren tortura salaketa. Eta beste zenbat? Milaka baitira azken hamarkadetan egon diren tortura salaketak, eta oso gutxi Estrasburgoko Auzitegiraino iristea lortu dutenak. Hiruretan eman da epaia, eta hiruretan zigortu du auzitegiak Espainia.
Tortura tresna politiko gisa erabili du urteetan Espainiak. Testigantzak irakurri eta entzun besterik ez dago. Hori ez dela gertatu esatea beste aldera begiratzea da. Gertatu egin da, eta zauri horiek sendatzeko bidea, besteak beste, gertatu dela aitortzeak ekar dezake.
Torturaren erabilerak eta sufrimenduak hari mutur asko baldin baditu ere, nonbaitetik hastearren hemendik has daiteke: hori sufritu dutenei hori aitortzea. Eta egian oinarrituta, gertatutakoa bere lekuan jarriz, etorkizuna gardenago eraikiko da. Ondorengoek jakin dezaten zer gertatu den, eta berriro gerta ez dadin.