«Torturatu guztiak» gogoratu ditu Martxelo Otamendik

2012, urriak 17

«Gehiegikeria polizial eta politikoaren» erantzukizunak argitzeko eskatu dute operazioan atxilotuek.

a.jpg


Jaso duen «elkartasuna eta sinesgarritasuna» eskertu zituen Martxelo Otamendik atzo arratsaldean Martin Ugalde kultur parkean eginiko ekitaldian. Harena ez ezik, «torturatu guztien» kasuak ere izan zituen gogoan, eta, bereziki, polizia operazio berean torturatutako beste bostenak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria eta Xabier Oleagarenak. «Ez gara gu, zoritxarrez, azken hamarkadetan, Euskal Herrian izan ziren torturatu bakarrak. Asko eta asko izan dira, milaka; haiek denak eduki nahi ditut gaur gogoan; bereziki, bizitza torturapean galdu zuten Joxe Arregi, Gurutze Iantzi, Esteban Muruetagoiena… eta beste batzuk». Haiekin batera, torturaren aurkako eragileen lana nabarmendu zuen Otamendik.

Kultur parkeko hitzaldi aretoa leporaino bete zen. Han ziren, besteak beste, Iñaki Soto, Mariano Ferrer, Xabier Mikel Errekondo, Xabier Isasi, Inaki Irazabalbeitia, Jesus Uzkudun, Garbiñe Biurrun, Sabino Ormazabal eta Aiert Larrarte. Iñigo Iruinen azalpenen ondoren mintzatu zen Otamendi, eta, abokatuak bezala, hark ere salatu egin zuen torturen inguruan Espainiako Estatuko erakundeek agertutako pasibotasuna. Otamendik galdetu zuen ea nola den posible «hain prebisiblea den delitu batengatik» inor ez atxilotzea. «Bakarren batek azalpenak eman beharko ditu noizbait, oroimena eta justizia horrenbeste aipatzen diren garaiotan», adierazi zuen Otamendik.

Hizketaldia, berriz, Egunkaria-ren auzi ekonomikoa oraindik epaitegietan dagoela gogoratuz amaitu zuen.

Epai argigarria

Agenda arazoak zituztelako edo ebazpenaren berri Euskal Herritik kanpo jaso zutelako, Otamendirekin batera atxilotu zituzten guztiek ezin izan zuten ekitaldian parte hartu. Han izan ziren Uria eta Torrealdai. Estrasburgoren erabakiarekin pozik azaldu ziren biak. Uriak, baina, harago jo nahi izan zuen. Berria-ri eginiko adierazpenetan, adierazi zuen epaiak frogatzen duela Espainiako Estatuak ez dituela tortura kasuak ikertzen, eta horrek erakusten duela «sistematikoa» dela torturaren eta tratu txarren erabilera.

Uriak gogorarazi zuen berak epaitegian sartutako tortura salaketak ez zuela aurrera egin. Torrealdaik, berriz, ez zuen salaketarik jarri, «arrazoi pertsonalak zirela tarteko». «Ez nuen nire familia egoera horren aurrean jarri nahi». Bost urte behar izan zituen torturatua izan zela jendaurrean salatzeko. Eta epaiketan eman zuen horren berri, testigantza gogor zein hunkigarri baten bidez.

Oleagaren salaketak ere ez zuen aurrera egin. Atzo ezin izan zen ekitaldian egon, baina egunkari honadierazi zion epaia beste urrats bat dela operazioaren atzean egon zen «gehiegikeria polizial eta politikoa» agerian uzteko. «Orain beste urrats bat falta da: gehiegikeria horren arduradun politikoak akusatuen aulkian eserita ikustea».

Argazkian, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai, Iñigo Iruin eta Martxelo Otamendi Andoainen, prentsaurrekoaren aurretik. (Juan Carlos Ruiz, ARP)

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>