Jon Eskisabel (‘Berria’)
Ajuria Enea uzteko bi egun geratzen zaizkion Patxi Lopez lehendakariari esker ona adierazteko ETBko zuzendaritzak egin nahi izan dion despedidako oparia izango da, akaso. Ezaguna da Lopezen musika zaletasuna, eta ematen ez badu ere, Ruper Ordorikaren jarraitzailea da. Aspalditik, gainera; Ordorikaren zalea izateak euskal kulturgintzaren abangoardian kokatzea esan nahi zuen garaietatik. 1983an Ni ez naiz Noruegako errege kaleratu zenean bera izan zen diskoa erosi zutenetako bat, eta geroztik, bere kantari «gogokoenen» artean dago, Lopezek bere blogean idatzitakoa sinesten badugu. Hortaz, blogean euskarazko kantu bat jartzeko ordua zela iritzi zionean, Ordorikaren ale bat aukeratu zuen, Zaindu maite duzun hori. Kantua ondo uler zedin nahi zuen antza, bideokliparen Youtubeko lotura ez ezik, hitzak ere jarri zituelako —erratu egin zen egilea Joseba Sarrionandia zela idaztean; oraindik ez du zuzendu—, auskako nork edo zerk egindako gaztelaniazko itzulpen traketsa barne —askoz errazagoa zuen diskoko liburuxka hartu eta Bernardo Atxagarena zuzenean kopiatzea—. Haatik, azalpenik ez zuen eman kantuaren esanahiaz edota sortu zeneko testuinguruaz. Deigarria, Ordorikaren edozein zalek baitaki Euskaldunon Egunkaria-ren itxierarekin lotuta dagoela kantua. Orduko hitzak aipatuz, «euskaldun izateagatik gutxienez susmagarri garen honetan» sortu zuela Ordorikak. Ia hamar urte igaro badira ere, oraindik ere kantuaren ingurukoak gogora ekartzen ditu Ordorikak zuzenean jotzen duen aldiro. Abestia eta Egunkaria-ren bortxazko itxieraren salaketa —eta oro har, euskalgintzaren aurkako eraso ororena— betiko lotuta gelditu dira, bereizezinak dira. Protesta kantu bihurtu da. Indar sinboliko hori du.
ETBk 19 legebiltzarkide kantuan jarri ditu Gabon gauean emitituko duen Euskal Kantuen Gaua saiorako. EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PPko eta UPDko 19 legebiltzarkide. Bideo bat grabatu dute, politikariak barregarri utziz haiekiko errukia sorraraztea helburu duten horietakoa, ez ditzagun gogorregi tratatu, ez dezagun ahaztu haiek ere gizaki akastunak direla… Milaka kanturen artean bat aukeratu behar, eta Zaindu maite duzun hori hautatu dute. Bai, irakurle maiteok. Egunkaria indarrez ixtea babesteaz aparte, hura euskal kulturaren eta euskararen beraren mesederako operazioa zela esanez iseka egin zigun Angel Acebes ministroaren alderdiko ordezkariak jarri dituzte Zaindu maite duzun hori kantari; tortura salaketak gutxiesteaz gain, torturatuak auzitara eramaten ausartu zen ministro horren alderdikide Iñaki Oiartzabal, auzipetuen absoluzioaren ondoren auziaren zentzugabetasuna aitortu eta auzipetuei elkartasuna azaldu beharrean, epaia «onartu» egiten zuela adierazi eta Justiziak bere lana ondo egin zuelako pozik azaldu zen berbera, bideoan ageri da, Laura Garridorekin batera, «baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi» irribarrez abesten. Baita Gorka Maneiro ere, «hori suertea, nonahikoak diren hoiena» lardaskatzen. Hori bai, bideoa muntatzean egileek ez dute lotsaren marra gorria zeharkatu nahi izan eta esaldi giltzarria, «inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza den», EH Bildukoentzat gorde dute.
Gosaldu berri, barrenak nahastu zizkidan bideo aurrerapenak. Ez dut uste beharrezkoa denik arrazoietan sakontzea, begi bistakoa da zer egin duten kantuarekin, esanahia ebatsi, hutsaldu eta desitxuratu. Errespetua galdu. Zikindu. Ez dut imajinatzen Ku Kux Klanekoak Strange Fruit abesten telebista publiko batean.Ni, euskaldun, Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohi, kazetari, musika zale eta euskaltzale gisa, iraindua sentitu naiz, erasoa, neure barruko zokorik intimoenean kolpatua. Eta min egin dit alderdi abertzaleak laidoaren neurriaz ohartu ez eta pantomima horretan parte hartzeko prest azaltzeak, edota oharturik ere uko egiteko gaitasunik ez izateak, eta tristatu nau Laura Mintegi Euskal PEN Clubeko presidentea ere, Egunkaria-ren auzia munduan ezagutarazteko lan handia egin ostean, bideoan ikusteak.
Zaindu gorroto duzun hori. Hori ere esaten du kantak. Bideoan nori egokitzen zaion abestea ikuskizun dago.
Bideoa: EITBren aurrerapena.
Bideoa: ‘Zaindu maite duzun hori’ (Ruper Ordorika).