Herritarren lan nekaezina

2013, otsailak 16

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Herri eta hiriburu gehienetan sortu ziren ‘Egunkaria’-ren aldeko herri batzordeak. Denetariko ekitaldiak antolatu zituzten, kazeta itxi izana salatzeko eta proiektu berrirako dirua eta babesa lortzeko.

amallabia.jpg

Kantaldiak, poesia errezitaldiak, herri bazkariak, patata-tortilla lehiaketak, kirol ekitaldiak, danborradak, karroza desfileak… Zer ez ote zen egin Egunkaria itxi izana salatu, eta Berria sustatzeko. Herri eta hiriburuetan, Egunkaria-ren alde sortutako batzordeek antolatu zituzten ekitaldi gehienak. Txikienetik handienera, denek egin nahi izan zuten beren salaketa eta ekarpena. Denbora librea alde batera utzi, eta euskarazko kazetaren alde sukaldean aritu, korrika egin, abestu, kartelak pegatu eta kamisetak nahiz akzioak saltzen aritu ziren milaka herritar; haiek ziren talde haien arima. Nekatu gabe jardun zuten. Haien ahaleginari esker, gertatutakoaren salaketa eta haserrea bazter guztietara iritsi zen, eta egun Berria denaren oinarriak jarri ziren.

Langileen artean sortu zen herri batzordeak martxan jartzeko ideia. «Herrietan eta hiriburuetan dinamika bat sortu nahi genuen; hasieran, itxiera salatzeko, eta gero proiektu berrirako akzioak saltzeko. Horretan lagundu ziguten herri batzordeek. Haien zeregina funtsezkoa izan zen», azaldu du Margari Eizagirrek. Egunkaria-ko langilea zen Eizagirre, eta, beste hainbat lankiderekin batera, herri batzordeen lana koordinatu zuen.

Batzordeak sortzeko, herrietan euskalgintzaren inguruan lanean zebilen jendearekin jarri ziren harremanetan. «Milaka dei egin genituen. Jendearen erantzuna paregabea izan zen.Askotan, herrietatik deitzen ziguten, batzorde bat sortu zutela esanez, edo Egunkaria-ren aldeko ekitaldi bat antolatu zutela iragarriz». Kazeta itxi eta hilabetera, ehun batzorde baino gehiago zeuden sortuta.

Autoan egindako milaka kilometroak ez ditu ahaztu Eizagirrek: «Euskal Herri osotik ibili ginen. Egunkaria itxi izana salatzeko ateratako kamisetez eta kartelez beteta eramaten genuen autoa». Baina, batez ere, jendearen elkartasuna eta lanerako borondatea ditu gogoan Eizagirrek: «Edozein festa, kultur ekitaldi edo kirol lehiaketa baliatzen zuten Egunkaria-ren itxiera salatzeko. Milaka ekinaldi antolatu zituzten. Horrek sekulako indarra ematen zigun langileoi aurrera egiteko».

Lanean aritu ziren milaka herritar horietako bat izan zen Axun Arrieta. Etxeberriko (Bizkaia) herri batzordearen sustatzaileetako bat izan zen. Egunkaria itxi eta egun gutxira hasi ziren lanean. «Kalean neska bat ikusi nuen itxiera salatzeko kartel batzuk pegatzen. Harengana joan, eta galdetu nion ea ze aukera ikusten zuen herrian Egunkaria-ren aldeko zerbait egiteko. Ni baino dezente gazteagoa zen, baina, nik bezala, bere sentitzen zuen Egunkaria proiektua».

Handik aste batzuetara egin zuten lehen bilera. Ondorengo hilabeteetan makina bat gauza egin zuten: zozketa bat, akzio salmentaren inguruko informazioa banatu, kamisetak saldu… Batzordearen lana biribilduz, uztailaren 6an Egunkaria-ren aldeko eguna antolatu zuten. Oso oroitzapen politak ditu egun hartaz Arrietak: «Bazkaria, herriko kultur taldeen emanaldiak, hitzaldiak… Egunkari handi bat ere egin genuen. 110 bat lagun bildu ginen. Legez kanporatzeen garaia zen, eta herrian giroa nahiko gaiztotua zegoen. Egunkaria-ren itxierak guztiak batu gintuen».

Lan horretan bazuten eskarmentua Zarautzen (Gipuzkoa). «Egunkaria sortu zen garaian oso lan talde indartsu bat egon zen herrian. Gainera, hasieratik Zarauzko jende asko aritu zen han lanean. Beti egon da lotura berezi bat bien artean», azaldu du Txumai Iturriak, batzordeko kideetako batek.

Itxieraren berri izan bezain laster sumatu zuten berriro batzeko garaia zela. Iturria: «Ehun bat lagun bildu ginen». Lehen bilera hartan, euskarazko kazetaren aldeko aurreneko ekinaldia prestatu zuten. Inauteriak gertu ziren, eta urte hartako desfilearen gaia Egunkaria izatea erabaki zuten. «Oso arrakastatsua eta polita izan zen». Herriko kultur nahiz kirol taldeak salaketara biltzea lortu zuten, eta ekitaldi mordoa antolatu zituzten: poesia errezitaldiak, elkarretaratzeak, herri bazkaria, herriko artistekin agerraldia… «Iñaki Uria zarauztarra izanik, haren familiarekin oso gertuko harremana izan genuen, eta laguntzen aritu ginen».

Beste datu bat ere eman du Iturriak. «Biztanle kopurua kontuan hartuta, Egunkaria sortzeko garaian bezala, Berria abian jartzeko bonuak eta akzioak saltzekoan emaitza onenetakoak lortu zituzten herrien artean geunden». Alde horretatik ez du kexarik. «Asko, gutxi, edo ezer ez jarrita ere, denek ireki zizkiguten ateak».

Iruñeko batzordeen jarduna

Iruñearen kasuan, euskarazko egunkari bakarra itxi izanak euskalgintza gehiago batzeko balio izan zuela nabarmendu du Asier Biurrunek. AEK-ko irakasle da Biurrun, eta garai hartan Iruñean sortu ziren herri batzordeak antolatzen aritu zen. Oso gertutik bizi izan zuen itxiera. Izan ere, euskaltegia Egunkaria-ren Iruñeko ordezkaritza zegoen leku berean dago. «Langileekin bagenuen harremana, eta eredugarria izan zen haien erantzuna. Ikaragarria izan zen itxi eta hurrengo egunean kalean egotea. Gizartearen aldetik ere erasoaren adinako erantzuna eman behar zen».

Berehala batu ziren Iruñeko eta inguruko herrietako euskalgintzako ordezkariak. «Oso gogoan ditut Zaldiko Maldiko elkartean eta Iruñezahar euskaltegian egin genituen bilerak. Han, pilatutako amorru eta tristura guztiak kanporatu, eta lanean hasi ginen. Gauza bakarra genuen buruan, gertatutakoa salatu eta euskarazko beste egunkari bat sortzeko baliabideak lortzea». Iruñea handia izanik, batzorde bat baino gehiago sortu zituzten, auzoetan banatuz. «Oso lagungarria izan zen mezua zabaltzeko eta ekitaldiak antolatzeko. Bakoitzak bere moduan, guztietan egin zen zerbait».

Donibane auzoan itxiera salatzeko egindako elkarretaratzea izan zen hunkigarriena, Biurrunen arabera: «Egunkaria-ren Iruñeko ordezkaritzatik gertu dagoenez, oso berezia izan zen. Jende asko batu zen». Korrika Iruñetik igaro zenean Egunkaria-k izan zuen presentzia handia izan zela oroitzen da. «Pentsatzen dut leku guztietan bezala. Baina euskarak Nafarroan duen egoera kontuan hartuta, beti da berezia Korrika. Urte hartan are gehiago». Herritarren eta langileen ahaleginari esker produktu «kalitatezko bat» lortu zela nabarmendu du. «Euskaldunok merezi dugun egunkaria. Gainera, zorigaiztoko itxieragatik izan bazen ere, Iruñean presentzia irabazi zuen».

Laudion (Araba) denbora zeramaten Egunkaria-k leku gehiago izateko lanean. «Itxi baino aste batzuk lehenago, herriko tabernariekin hitz egiten aritu ginen, euskarazko egunkaria izateko eskatuz», adierazi du Asier Amondok, hango herri batzordeko ordezkarietako batek. Aita izan berria zen Amondo, eta lanaldi murriztuarekin zegoen. «Hori aprobetxatuz, haurrarekin paseoan atera eta herri batzordeko gauzak egiteko aprobetxatzen nuen: kartelak jarri, kamisetak saldu… Jendea asko inplikatu zen. Askok, zuten denbora librea alde batera utzi, eta ekitaldiak eta abar antolatzen aritzen ziren». Herrian antolatutako ekitaldi jendetsuena bertso afari bat izan zen. Baina, batez ere, materiala eta akzioak salatzeko mahaia jartzean bizi izandakoak nabarmendu ditu. «Batez ere langileek manifestazioan eramandako kamiseta urdinak nahi zituen jendeak. Akzioei dagokienez, informazioa eman gabe propio etortzen ziren asko».

Iparraldean «zailago»

Iparraldean Baionako langileek egin behar izan zuten lan guztia, Egunkaria-ko Baionako ordezkaritzako kazetari Aitor Renteriak gogorarazi duenez. «Langileok mugitu behar izan genuen dena. Lehenbizi egin behar izan zutena herritarrei itxiera azaltzea izan zen. «Hegoaldean, Egin-ekin, bazegoen aurreko kasurik, baina Iparraldeko ikuspegitik ulertezina zen gobernu batek egunkari bat ixtea». Erakundeen aldetik ez zuten babesik lortu ahal izan: «Beste estatu bateko politika kontuetan ez zirela sartuko esan ziguten askok. Egunero-rako idazteaz gain, beraz, lan hori egiten aritu behar izan zuten: jaialdi bati hasiera emateko suziria bota, kantaldi bat antolatu…». Bitxikeria bat ere badu gogoan. «Arrangoitzen bazen Luis Mariano kantariaren estatua bat. Urteak ziren desagertua zegoela, lapurtu egin zutelako. Itxiera izan eta egun gutxira, Egunkaria-ren aldeko ikur batekin agertu zen. Harrigarria izan zen». Ondoren, bonu salmenta etorri zen. «Txikitasunean izan bazen ere, espero baino hiru aldiz diru gehiago bildu zen. Jendearen erantzuna aparta izan zen». Kasu horretan ere aparteko lana egin behar izan zuten. «Jendeak dirua eman nahi zuen, eta harritu egiten zen bonu horiek betetzen ez baziren Espainiako Auzitegi Nazionalak esku har zezakeela azaltzean».

Elkartasun mezuak eta esandakoak

Argazkia: Mallabian euskarazko kazeta laguntzeko egindako patata-tortilla lehiaketa.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>