Mikel Jauregi (‘Gara’)
Goiz zen telefonoak jo zuenean. Goizegi. Orduagatik eta pantailatxoan ageri zen izenagatik, zeozer gertatua zen. Eskegi osteko elkarrizketa ez zen oso luzea izan, ezta beharrik ere: «Bai?», agur apala eztarri esnatu berriak; «em>Egunkaria itxi dute. Joan zaitez hara ahalik eta azkarren», erantzun berriemaileak.
Hamar urte beteko dira datorren asteazkenean begiok Martin Ugalde Kultur Parkea guardia zibilez eta armez beteta ikusi zutenetik; hango langileen aurpegiera zurbiletan erreparatu zutenetik. Eta ez dut uste sekula argazki hura ahaztuko dutenik. Belarriok orduko Barne ministroaren hitzak ahaztuko ez dituzten bezala -«Esta es una operación en defensa y en protección de los derechos y de las libertades de los vascos, de su cultura, de su pensamiento y de la expresión de su lengua en libertad»-; ezta egunkari bat ixtea ‘Eguneko berri ona’-ren tartean -babesle eta guzti, aizue- sartzeko irrati-kate batek izan zuen balentria hura ere; ezta inkomunikazioa amaitu eta Soto del Realetik baldintzapean aske geratu ziren atxilotu haien negar zotinak ere; ezta Martxelo Otamendik Madriletik bueltan autobusean kontatutakoak ere… Ordu eta egun haietan, dozenaka aldiz, aditutako hura ahanzterik izango ez duten bezala: halakorik berriz errepika ez zedin herri-harresia gorpuzteko dozenaka ahok eginiko aldarrikapen sentitua.
Sentitua, akaso bai; baina baita ahantzia ere. Ahanzturaren ganbarak beti atea zabalik baitu, eta lekua sobera. Eta fede oneko asmo hark ere aurkitu du berea Egin, Egin Irratia eta Orain SAren eskuinaldean, Ardi Beltza-ren ezkerretara, Ekin, Xaki, Batasuna, Eusko Abertzale Ekintza, Askatasuna, Udalbiltza, Segi eta abarren aldamenean.
Sententziak sententzia, Europako auzitegien esanak esan, nahi badute bihar bertan beste ‘Eguneko berri on’ bat eman diezagukete. Bihar bertan, goiza oraindik argitu ez denean, telefono mugikorra pi-pi-pi-pi-pika has daiteke eta kazetaria kolpetik esna dezake beste aldeko ahotsak: «Halakoren aurkako operazioa. Hainbeste atxilotu. Halako kalean daudela esan digute; joan zaitez ahalik eta azkarren».