Inozentzia baino ez zuten eten

2013, otsailak 20

(‘Egunkaria’ itxi zutela 10 urte. ‘Berria’-ren artikulu sorta). Gaur hamar urte eman zuten Egunkaria-ren aurkako kolpea. Urteurrenaren harira egindako mahai inguruan kontatu dute bizi izandakoa protagonistetako hiruk: inozentzia galdu zuten, baina euskarazko egunkariak aurrera segitzen du. Mahai inguruaren bideoa, hemen.

mahai.jpg

Gaur dira hamar urte Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuela, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Gaur, egun hura gogoratuko da, eta egun hark ekarritako guztia. Hala ere, protagonisten ahotan, bezperan edo gaueko ordu txikietan has liteke gezur jasa haren kronika. Haietako bati, Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari izandakoari, bezperan Poliziaren bi autok trtean harrapatu zuten, Azpeitian emandako hitzaldi batetik bueltan. Goizaldeko ordu batean hasi zen amesgaiztoa Iñaki Uria kontseilari ordezkari izandakoaren etxean, eta goizeko seiak aldera Egunkaria-ko langile ohi Lorea Agirreren telefonoan —Gezurra ari du, Egunkaria-ren itxieraren kronika liburua egin zuen gero—. Atzo Berria TBk egindako eta Berria-ko zuzendariorde Iñaki Petxarromanek zuzendutako mahai inguruan, une haietatik aurrerakoak gogoratu zituzten hirurek.

«Denak armatuta sartu ziren, martzianoak bezala», gogoratu du Uriak guardia zibilak etxera sartu zitzaizkionekoa. Hala, sartu ziren bezala, kolpe batean inozentzia galdu zutela dio Agirrek. Beste biak ere ados dira horretan. «Hau zer da?», «hau guri?», eta horrelako galderak egin zizkieten eurei buruei. Polizia segika zuela nabaritu arren, Otamendik ere ez zuen espero halakorik gertatuko zela: «Ez nuen probatu ere egin ea telefonoa nola nuen». Ez ziren samurragoak izan ondorengo orduetan etorri ziren kolpeak ere: torturatu egin zituzten, eta epaileak espetxera bidali zituen Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Xabier Alegria, Xabier Oleaga eta Uria bera. «Ez genuen halakorik espero», dio Agirrek, lankideak torturatu zituztela jakin zuten unea gogoratuz: «Taldean sentitzen duzun zerbait da. ‘Gure kontra egin dute, denon kontra’; hala bizi izan genuen kanpotik».

Otamendik, gainontzeko atxilotuek bezala, ez zuen kanpoan gertatzen ari zenaren berririk izan inkomunikazio aldia bukatu arte, atxilotu zutenean Egunkaria itxi zutela esan bazioten ere. «Ez genekien atxilotuak zein ginen ere», dio Uriak. Miaketaren eta bost eguneko infernuaren ostean, berriz, kanpoan gertatzen ari zena jarraitzeko gogoz zebilen. Espetxean ohikoa denez, atzeratuta iristen zitzaizkion berriak.

Elkartasunetik sortua

Kanpoan, ordea, atzerapenik gabe iritsi zen elkartasuna. «Lehen unetik hurbildu zen jendea, ezaguna nahiz anonimoa: ‘Nik badut ordenagailu bat’, ‘dirurik behar duzue?’, ‘nik badut lokal bat uzteko moduan’… Sorpresa bat izan zen», azaldu du Agirrek. Andoaingo AEKren egoitzan elkartu zirenean, oraindik ez zekiten ziur Egunkaria itxiko zuten ala ez, miaketa bukatutakoan zigilatu baitzuten —eguerdiko ordu bata inguruan—. Baina gauza bat argi zeukaten: «Ez da egongo egun bat euskarazko egunkaririk gabe». Hala hasi ziren, komunikabideei eta elkartasun uholdeari erantzuteaz gain, Egunero prestatzen. Ez zegoen bi aldiz pentsatu beharrik gaia zein izango zen. «Baina dena ez zen hain erraza: ardura legala nork hartuko zuen, non inprimatuko zen…», dio Agirrek. Gogoan du inprentan ere agertu zela Guardia Zibila, bertako arduradunari paper bat sinaraztera. Egunkaria-rekin zerikusia zuen ezer ez zela inprimatzen ari jartzen zuen paper hartan. «Sinatuko dut, eta gero atxilotuko nauzue», erantzun zien arduradunak, Agirrek esan duenez.

Harrotasuna sentitu zuen Uriak behin-behineko berripaperaren lehen zenbakiak espetxera sartu zizkiotenean: «Egunkaria-ren sorrerarekin ere lot liteke lantaldeak izandako jarrera: negar egitetik, protestatik egitera pasatzea».

Distantziarekin begiratuta, azalpen antzeko bat aurkitu diote Otamendik eta Uriak Espainiako Estatuaren kolpearen gogortasunari. «Abisu bat izan zen: ‘Kontuz zer zabiltzaten’», dio Otamendik. Egunkaria bera jauzi bat emateko garaian zegoela gogoratu du Uriak: «Beldurra zabaldu nahi izan zuten, ‘ez zaitez horrelako gauzetan sartu’ esan». Kolpe horien aurrean, Agirrek ez du ahazteko otsailaren 22an Donostiako manifestazio erraldoia: «Erakutsi zen herri proiektu bat zela». Une hari beste berezitasun bat ere ikusten dio Otamendik: «Elkartasuna adierazteaz gain, jendeak pentsatu zuen: ‘Hau ez badugu gelditzen, beste batzuk etorriko dira’».

Beste herri proiektu bat izan zen, ordea, etorri zena. Eztabaidaren bat eta lege arazo batzuk gorabehera, langileek argi zeukaten aurrekoaren jarraipena izan behar zuela egunkari berriak, Agirreren esanetan: «Zabala zelako, euskalgintzari begirakoa, independentea… Oso produktu ona zen. Hori zen gure bermea, eta segida eman behar zitzaion». Finantzaketa bila, arazo batzuk izan zituzten arren, «gizartearen giharrak» ondo erantzun zuela dio Otamendik. «Sumarioaren kontrako ebidentziarik nabarmenena izan zen: Berria egin genuen», dio Agirrek. Kolpe guzti haiei guztiei aurkitu die alde onik Uriak ere: «Hamahiru urtean ez genuen lortu jende askok jakitea euskarazko egunkari bat bazegoenik ere. Euskal mundutik kanpokoengana ere iritsi ginen orduan».

2003ko ekainaren 21ean iritsi zen kioskoetara Berria-ren lehen zenbakia, eta zazpi urtera etorri zen Egunkaria auziko absoluzioa. Hala ere, oraindik zabalik dago auzi ekonomikoa, eta ez dute inolako kalte-ordain edo aitorpenik jaso; ez auzipetuek, ez itxitako enpresak. «Dohain atera zaie», esn du Uriak. «Halakoa izan da galera, mina… ni ez nau kontsolatzen», dio Agirrek. Gainera, sistema politikoa aldatzen ez den bitartean halakoak berriz gerta litezkeela uste dute, interes politikoa unearen araberakoa izan arren. Modu sinplean azaldu du auzia Otamendik: «Espainiako Justiziaren esku jarraitzen dugun bitartean, posible da gertatzea».

Argazkian: Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Iñaki Petxarroman eta Lorea Agirre, Berria-ren egoitza nagusian.

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>