Maddalen Iriarte
(‘Noticias de Gipuzkoa’). Gaur hamar urte iritsi zen Euskal Herriko kioskoetara Egunero, egoera zailenetan ere aurrera egiten badakigula erakutsiz. Gaur hamar urte, mutu utzi nahi izan gintuztenek ikusi zuten ez zitzaiela erraza gertatutuko. Gaur hamar urte, han eta hemengo euskaldunek, hau edo bestea pentsatu, erakutsi zuten elkar hartuta gauza asko lor-tzeko gauza garela.
Hamar urte beranduago, beldur naiz orduan sortutako indignazio olatu hura alferrikako kai-mutur batean ez ote zen apurtu. Badaukagu, bai, euskaraz eginiko eguneroko periodikoa kalean, baina beldur naiz ez ote garen orduan bezain hauskor, orduan bezain ahul, orduan bezain inuzente. Inozo nahi baduzue. Iruditzen zait berriro ere gaur bertan gerta dakigukela tamaina bereko ikaragarrikeriaren bat, ez dugula asmatu gure harresiak babestu eta sendotzen. Eta berriro gertatuko balitzaigu, erruaren zenbateko partea tokatuko litzaigukeen geuri galdetzen diot nire buruari.
Egunero, eta bereziki horrelako efemerideetan, pena ematen dit, oinarrizkoa ere bermatuta ez daukagunean, elkarri mokoka oso gustura gaudela ikusteak. Ez da arrazoirik faltako niretzat askotan ulergaitzak diren jokabideak esplikatzeko, baina mingarriak egiten zaizkit. Iruditzen zait ostrukarena egiten dugula, begiak isten dizkiogula errealitateari, ez garela konturatzen zein mehea eta apurkorra den guztiok azpian daukagun sarea, sarerik baldin badaukagu behintzat, eta airean egindako gazteluetan bizi ez bagara. Eta derrigorrezkoa iruditzen zait horretan erreparatzea, lehenengo, eta ondoren, sare hori ehuntzen, sendotzen jardutea.
Bestela arriskuan gaude. Iruñeko Foruen monumentuan gure aurrekoek idatzi zuten moduan, atzerritarrei ostatua ematen diegu herri honetan, baina ez dugu haien uztarririk jasan nahi. “Entzun ondo, gure semeok!”, utzi ziguten idatzita. Baina beldur naiz entzungor ez ote diegun egiten askatasunaren alde borrokatu zuten haiei.