Kamiseta urdinak hamar urte geroago

2013, otsailak 21

Egunkaria-ko langile ohiek harro atera dituzte duela 10 urteko kamisetak. Egunkaria aurrera leloa paparrean. Duela hamar urteko oroitzapenak gogora ekartzen aritu dira. Nork deitu zion nori, eta nora joan zen. Batek dio Latzeko langileak elkartasuna adieraziz lantegitik atera zirenean konturatu zela gertatzen ari zenaz, eta eskerrak ematera joango litzatekeela gustura… Zahar itxura dute nikiek, eta nostalgia. Amorrazioaren, ezinaren eta indarraren usaina. Ekitaldiko argazki bilduma.

kamiseta.jpg

Hamar urtean Egunkaria auziko gorabeherak bakarrik ez dira gertatu. Otsailaren 20 hartan munduan ez ziren hainbat ume ere Martin Ugalde kultur parkean izan ziren atzo, duela hamar urte guardia zibilez josita egon zen parkean.

Egun hartan eraman zuten eta espetxean den Xabier Alegriak ere «niki zaharra» izan zuen soinean atzo. Hala kontatu zion bikotekideari. Itxiera gogora ekartzeko ekitaldia ari zela deitu zuen espetxetik, eta batekin baino gehiagorekin hitz egiteko aprobetxatu zuen elkarretaratzea.

Niki urdin ugari zen Martin Ugaldeko patioan, baina langile ohiak ez ezik, hainbat eragile politiko eta gizarte eragile ere batu ziren gaur egun Berria-rena eta orduan Euskaldunon Egunkaria-rena zen egoitzaren aurrean. Parkearen sarreran elkartuz joan ziren auzipetuak eta hainbat eragile. Han agurtu zituzten, esate baterako, Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia, EAJko Joseba Egibar, Markel Olano eta Josune Ariztondo; Gipuzkoako Diputatu Nagusi Martin Garitano eta Diputazioko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua; eta Joseba Permach, Joseba Alvarez, Juan Joxe Petrikorena zein Karmele Aierbe ezker abertzaleko kideak. Anabasa hartan, elkarrekin iritsi ziren Jose Mari Elosua eta Iñigo Iruin abokatuak ere.

Ekitaldian izan ziren Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Aralarreko Ainhoa Beola eta Aser Lertxundi, Ezker Anitzako Mikel Izagirre eta Antton Karrera, eta Amaiurreko diputatu Maite Aristegi eta Onintza Enbeita ere bai — Enbeita langile ohia da—. Miren Dobaran Bizkaiko Diputazioko Euskara Sustatzeko zuzendaria ere izan zen. Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk ez zen izan, nahiz eta oharra kaleratu zuten.

Hedabideetako arduradun eta langileak ere baziren, Xabier Letona Argia-ko zuzendaria, Iñaki Soto Gara-koa, Arantxa Zugasti Noticias taldekoa, Gorka Landaburu Aldaketa 16-koa, EITBko zuzendaritza taldeko Joseba Arruti eta Jabier Torrontegi eta Mariano Ferrer, esate baterako. Ramon Zallo EHUko irakaslea ere bai.

Paul Bilbao Kontseiluko burua ere han izan zen, Edurne Brouard Korrikako arduraduna ere bai, Martxel Toledo ESAITekoa, UEMAko presidente Maren Belastegi. Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida, Fermin Muguruza musikaria, Joxe Austin Arrieta idazlea, Susako Mikel Elortza eta Josu Landa, Josu Txueka historialaria, Pello Zabala fraidea…

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>