Sentimenduak

2013, otsailak 24

Mikel Elorza

(2013-02-17, ‘Berria’). Euskaldunon Egunkaria-ren itxierak, hainbat lagunen atxiloketak, espetxeratzeek, torturak eta oro har bidegabekeriak kapitulu izugarria eragin zuen askoren bizimoduan. Ordukoa gogoratzeaz gain, eta oraindik ere salatzeaz gain —noiz hartuko du erantzukizuna beregain Estatuak?—, bestelako gogoeta batzuk ere egin beharko genituzke. Alderdi positibokoak batzuk, Egunkaria-k hainbaten erreakzioan nolako indarra lortu zuen, zer aglutinante izan zen eta aztertzea hori zergatik gertatu zen, beste kasu batzuetan ez bezala (eta beste kasu horiek ere bidegabekeria izugarriak ziren).

Baina negatiboak ere bai: egun latzak duela 10 urtekoak, ahaztu behar ez ditugunak (obligazio etiko- politikoaz gain ere ahaztuko ez ditugunak), duela 10 urteko beste desastre bati kenduko diot goiburua, ideiarako: nunca mais. Hori bermatuko duen elementurik adostea, zehaztea ez dugu lortu. Polizia-indarrek, militarrek eta judizialek nahi dutenean nahi dutena egiteko ahalmenik ez dutela izango ziurtatzeko elementurik ez dugu lotu. Oraindik ere ez da fikzioa imajinatzea goizeko hiruretan Martin Ugalde parkera doazenak ez direla banatzaileen furgonetak. Hori litzateke O-20 hari —eta antzeko beste batzuei: Egin, 18/98…— egin geniezaiokeen omenaldirik onena.

(2013-02-24, ‘Berria’) Joan den igandean Egunkaria-k hartu zidan artikuluaren zati bat, eta baita oraingoan ere. Idatzi eta esandakoak asko izan dira, eta gaur ez dut analisirik egingo. Primitiboagoa da gaurkoa, baina bestea bezain inportantea. Inportanteagoa, seguruenik.

Egun hauetako jiran Inma Gomilarekin akordatu naiz, eta Luis Goiarekin, eta Pello Zubiria ziegatik ospitalera eraman zuteneko une haiekin, albiste segururik ez genuela nola zegoen, eta gero torturen testigantza, eta egun haietako eta hainbat hilabetetako beldurra, zer izango zen hurrena, telefonoz hitz egiteko erreparoak, inpunidade erabatekoa… Gaur egun posible ote litzatekeen galdetzen dute egunotan kazetariek. Baietz esango nuke, posible bai, probable ez; Martxelo Otamendiri entzun diodanarekin bat nator. Orduan ez nuen uste posible zenik. Eta izan zen, eta bizi genituenak, batez ere batzuek bizi izan zituztenak gogoan, bizikidetza eta minen aitortze eta sentitze aroak bizi ditugun garaiotan ezingo nuke aste hau utzi barrenak eskatzen didana esan gabe, horrek erakusten baitu duela 10 urteko gertakariek nigan sorrarazi zutena: madarikatuak izan bitez Juan del Olmo eta Fungairiño eta Acebes eta guardia zibilak eta erabaki hartan zerikusi handia eta txikiena izan zuten guztiak. Madarikatuak betiko!

Iruzkinik ez »

No comments yet.

RSS feed for comments on this post. | TrackBack URI

Leave a comment

(XHTML etiketa hauek erabil ditzakezu): <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong> .

; ?>